"Bidea da gure indarra"

Mailo Oiarzabal

Sorlekuan eta etxekoekin hasi ditu Kulturaz kultur kooperatibak 15. urteurrenaren ospakizunak. Sanagustin kulturgunean herriko kultur talde sortaren emanaldiekin osatutako atzoko ekitaldiaren ondoren, gaur goizean hainbat esparrutako kultur sortzaileak elkartuko dituen Hil da jenioa jardunaldia egingo dute, Dinamoan. Eta bihar, Ibil Bedi taldearen doinu berriak entzuteko aukera izango da Soreasun.

Atzera begira jartzeko, oraina ospatzeko zein datorrenari ekiteko indarrak hartzeko asteburua da honako hau Kulturazentzat. Azpeitiko kultur kooperatibak hamabost urte bete ditu, eta hiru eguneko egitaraua prestatu du urteurren hori ospatzeko.

Ospakizun kutsu handieneko ekitaldiarekin hasi zuten asteburua atzo iluntzean Sanagustin kulturgunean, "dena hasi zen tokian". Beste hainbatetan bezala, herriko kultur taldeen eta eragileen elkargune eta erakustoki bihurtu zen atzo ere Sanagustin; kasu honetan, beren lanak han erakusteko ateak ireki zizkien Kulturazen urteurrena ospatzeko.

Kulturguneko arkupeko agertoki txikian egin zituzten aurkezpenak. Handik egin zieten harrera bertaratutakoei Peru Segurola eta Hegoa Aizpuru antzerki eskolako kideek, eta gero, handik joan ziren talde bakoitzaren emanaldiak aurkezten. Aurretik, Eñaut Frantsesenak ere hartu zuen hitza arkupeko agertokian. Kulturazeko egungo lehendakariak gogora ekarri zituen hamabost urteotan era batera edo bestera kultur kooperatibaren parte izan diren guztiak, Azpeitiko Udalaren babesa eta beste hainbaten laguntza eta ekarpena, duela urtebete hil zen Xabier Aranbarri kudeatzaileari aipamen berezia eta sentitua eginda. Hamabost urteotan egindakoak eta lortutakoak ahaztu gabe, egindako bidean egin zuen azpimarra Frantsesenak: "Bidea da gure indarra", esan zuen.

Ekitaldiari sarrera emanda, Erniarraitzeko Suhar Gesalagak eta Julene Iturbek bertsotan eskertu eta goraipatu zuten Kulturazen ibilbidea oholtza txikian bertan. Hortik aurrera, begiak eta gorputzak ezkerretara biratuta, kulturguneko agertoki nagusian edota haren oinetan jarri zuten arreta ikus-entzuleek. Metal Boskoteak, Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak, K-Beat ahots taldeak, Itsasiko dantzariek eta musikariek, Luix Beltza dantza eskolakoek eta Juan Antxieta musika eskolak jarri zuten beren alea musika, dantza eta kantua nagusi izan zituen ordubete pasako ikuskizunean. Hura amaitutakoan,  15. urteurrena dela-eta Sanagustinen bertan jarri duten argazki erakusketa ikusi ahal izan zuten herritarrek, mokadu bat hartzen zuten bitartean.

Gaur eta bihar, gehiago

Hamabost urteak ospatzeko Kulturazek atera dituen kamisetak erosteko aukera ere izan zen atzo Sanagustinen. 10 eurotan jarri dituzte salgai elastikoak, eta gaur ere izango da horiek eskuratzeko parada, baina Dinamoa sormen gunean.

Izan ere, han izango du bigarren hitzordua kultur kooperatibaren urteurren ospakizunak. 10:00etatik 14:00etara, hainbat esparrutako Euskal Herriko kultur sortzaileak elkartuko dituen Hil da jenioa jardunaldia egingo dute Dinamoan.

Eta bihar eguerdian, Kulrurazen 15. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko, Ibil Bedi musika taldeak besteak beste Dinamoan bertan egindako egonaldian ondutako musika entzuteko aukera izango, pase irekian, Soreasu antzokian. 12:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak Kulturazen webgunean eskura daitezke, 5 euroren truke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide