Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, da urriaren 16tik 25era bitartekoa, eta aste horrekin bat eginez, naturaren, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren inguruko hainbat ekintza egiten ari dira Azpeitian, Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da lelopean. Jarduera horien artean, Klima Azoka egitekoak ziren bihar –ostirala– egun osoan zehar, Azpeitiko plazan, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertan behera uztea erabaki dute, biharko euria dagoelako iragarrita.
Klima Azokaren helburua da klima aldaketaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea eta ohitura jasangarriak sustatzea. Horretarako, plazan zazpi karpa jartzeko asmoa zuten, ingurumenaren zaintzaren garrantzia azpimarratzeko.
Azken hitzordua, larunbatean
Asteklimarekin amaitzeko, azken jarduera larunbatean, urriaren 24an, egingo dute, Ekoetxean. Hain zuzen ere, gune horren ondoan jarrita dagoen Ibar basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua aldi baterako erakusketa baliatuz, ibar baso ekosistemek duten garrantziaz jabetzeko bisita gidatua egingo dute. Erakusketak ibar basoaren inguruko informazioa ematen du, eta teorian murgildu ostean, ekintzara pasatuko dira: Urola ibaiaren inguruan ibilbide gidatua egingo dute. Helduei zuzendutako saioa da, eta 10:30ean elkartuko dira, Ekoetxean.