Lehen Tuba Jaialdia zenak Soinu Loturak izena hartu zuen iaz, eta aurten jaialdi horren bigarren aldia egingo dute, Azpeitiko Metal Boskoteak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioak elkarlanean antolatuta. Hilaren hasieran eman zituzten jaialdi horren gaineko xehetasunak, baina orain jakinarazi dute aurreikusitakoa baino ekitaldi gehiago izango direla egitarauan. Urriaren 30ean eta 31n, ostiralez eta larunbatez, egingo dituzte jarduerak, Azpeitian eta Zestoan. Guztira, hiru kontzertu, tubaren eta bonbardinoaren eskola magistrala, doako luthier zerbitzua eta musikari gazteen topaketa izango dira.
Jaialdiaren helburua da maila eta adin desberdinetako haize instrumentuetako ikasle gazteak elkartzea eta emanaldi bateratu bat prestatzea. Kontserbatorioko eta hainbat musika eskolatako ikasleek elkarrekin entseatzeko, musika partekatzeko eta beste musikari batzuk ezagutzeko aukera izango dute. "Topaketa honen bidez, musikarien komunitatea sendotu, musika eskolen eta kontserbatorioaren arteko zubiak eraiki eta etorkizuneko musikarien arteko harreman berriak sustatu nahi ditugu", adierazi dute antolatzaileek.
Hitzordu nagusia, Azpeitian
Jaialdiaren jarduera nagusiak urriaren 31n egingo dituzte Azpeitian. Musikari gazteak 08:45ean elkartuko dira Udal Musika Bandaren egoitzan, harrera egiteko eta taldeak banatzeko. Ondoren, beroketa saioak eta taldeko entseguak egingo dituzte. Hamaiketakoaren ostean, parte hartzaile guztiak Soreasu antzokiko agertoki nagusian elkartuko dira azken entsegua egiteko. Goizeko jardunaldia 13:00etan amaituko da, Soreasu antzokian eskainiko duten kontzertuarekin. Bertan, Francisco Escudero kontserbatorioko eta musika eskoletako ikasleek emanaldi bateratua eskainiko dute.
Jaialdian parte hartu nahi dutenek bihar dute izena emateko azken eguna; lotura honetan egin behar da inskripzioa. Bazkaririk gabe, 10 euro ordaindu beharko da, eta bazkariarekin, 30 euro.
Larunbat goizean beste hitzordu bat ere izango da: doako luthier zerbitzua eskainiko du Raul Puentek. Haren laguntzari esker, musika tresnak puntuan jartzeko, konpontzeko edo haren mantentze lanari buruzko aholku profesionalak jasotzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Gainera, egun berean, goizez eta arratsaldez, tubaren eta bonbardinoaren eskola magistrala eskainiko dute Oscar Abellak eta David Muñozek. Antolatzaileek azaldu dutenez, gaur egun "erreferentziazko bi irakasle eta musikari" dira, eta jardunaldian beroketa, banakako eskolak eta interpretazioaren hobekuntza landuko dituzte. Eskola magistralean parte hartzeko, 25 euro ordaindu behar da, eta izena eman behar da, helbide elektroniko honetara idatzita: tubajaialdia@gmail.com.
Jaialdiari amaiera emateko, 18:30ean, klarinete laukoteen kontzertua izango da Basazabal jauregian. Gau Beltza iritsi aurretik, Sbs Kvaret eta Zamacois Quartet klarinete laukoteak izango dira protagonista.
Hona hemen Azpeitiko jaialdiaren egitaraua:
08:45. Harrera eta taldeen banaketa, Azpeitiko Udal Musika Bandaren egoitzan.
09:00. Beroketa saioa. Talde bakoitza dagokion gelara bideratuko da.
09:45. Lehen entsegua, taldeka.
11:00. Hamaiketakoa, Soreasu antzokiko sarreran.
11:20. Bigarren entsegua, Soreasu antzokiko agertoki nagusian.
12:30. Atsedenaldia.
13:00. Kontzertua, Soreasu antzokian.
14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean. Bazkaria aukerakoa izango da.
18:30. Klarinete laukoteen kontzertua, Basazabal jauregian.
Urriaren 30ean, kontzertu gastronomikoa Zestoan
Egun nagusia larunbata izango den arren, bezperan, urriaren 30ean, hasiko da Soinu Loturak jaialdia, Zestoako Laiak dendan egingo duten proposamen berezi batekin. Dendaren ezkaratzea agertoki bihurtuko da, eta 19:00etatik aurrera, musikak eta gastronomiak bat egingo dute. Gorka Hermosaren akordeoiak eta Edurne Zabaloren klarineteak bost musika pieza eskainiko dituzte. Pieza bakoitzarekin batera, pintxo bat eta ardo bat dastatuko dituzte bertaratzen direnek: bost kanta, bost pintxo eta bost ardo, zaporeek, usainek eta doinuek elkarri ñabardura berriak emateko. Josema Azpeitiak gidatuko du esperientzia, proposamen bakoitzaren atzean dauden loturak eta istorioak aurkeztuz. Sarrerak 15 euroan daude salgai Laiak dendan. Edukiera oso mugatua izango da: 25 sarrera baino ez dituzte salduko.