Euskal Herriko txapela irabazi berri duten dantzariek San Tomas egunez jasoko dute udalaren omenaldia

Julene Frantzesena

German Aranburu eta Jone Arriaran joan zen zapatuan, saria irabazi berritan. (Utzitakoa)

Egun horretan Azpeitian egiten den dantza suelto txapelketa baliatuko du erakundeak Jone Arriaran eta German Aranburu dantzariak omentzeko. Txapelketaren 50. edizioa irabazi dute Azpeitiko dantzariek, aurrenekoz, eta Koldobika Jauregiren eskultura jaso dute saritzat. Oroigarri hori Azpeitiko udaletxean izango da urtebetez. 

Jone Arriaranek eta German Aranburuk Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi zuten joan zen zapatuan, Seguran (Gipuzkoa), eta horiei San Tomas egunez egingo die omenaldia udalak. Zehazki, egun horretan Azpeitian egiten den dantza suelto txapelketa baliatuko du erakundeak aitortza egiteko. Udalari "egun egokia" iruditu zaio hori omenaldia egiteko, dantzazaleek eta herritarrek ere bi dantzariei zorionak emateko aukera izan dezaten. Arriaranek eta Aranburuk txapelketa hori irabazten duten aurreneko aldia da.

Mende erdia bete du Seguran urtez urte jokatzen den dantza txapelketak; izan ere, joan zen larunbatekoa hitzorduaren 50. edizioa izan zen. Azpeitiarrak izan ziren nagusi lehian, eta ondorioz, haiek eskuratu zuten Koldobika Jauregik egindako oroigarria. Eskultura hori txapelketa irabazten duten dantzarien herriko udaletxean izaten da hurrengo urteko hitzordua iritsi bitartean, eta ondorioz, Azpeitikoan izango da urtebetez –bost urteren barruan hirutan bikote berak irabazten baldin badu, udalarentzat izaten da oroigarria–.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide