Asteklimaren barruan, Klima Azoka egingo dute ostiralean plazan

Nerea Uranga

Ekoetxearen atarian jarrita dagoen erakusketa. (Ekoetxea)

Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea egiten ari dira joan den ostiraletik Azpeitian. Aste horri lotuta, Klima Azoka egingo dute ostiralean plazan, 10:00etatik 18:00etara. Larunbatean, berriz, Ekoetxean Ibar basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua erakusketan ibilbide gidatua egiteko aukera izango da. Bisita gidatuan parte hartzeko aurretik izena eman behar da.

Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea egiten ari dira joan den ostiralean hasita. Aste horrekin bat eginez, naturaren, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte, Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da lelopean. Klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa sustatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarren inplikazioa indartzea dira egitasmoaren helburuak.

Datorren ostiralean eta larunbatean ere hainbat ekintza egingo dituzte astearen barruan. Ostiralean, Ekoetxetik kalera aterako dira. Hain zuzen ere, Klima Azoka egingo dute, herriko plazan. Esperientzia interaktiboa izango da, herritarrak mobilizatzeko, hezteko eta klima aldaketaren aurrean jarduteko beharraren inguruan kontzientziatzeko prestatua. Zazpi karpa jarriko dituzte, eta horietako bakoitzak klima aldaketaren alderdi desberdinak landuko ditu. 10:00etatik 18:00etara.

Larunbatean, berriz, Ekoetxearen ondoan jarrita dagoen Ibar basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua aldi baterako erakusketa baliatuz, ibar baso ekosistemek duten garrantziaz jabetzeko bisita gidatua egingo dute. Erakusketak ibar basoaren inguruko informazioa ematen du, eta teorian murgildu ostean, ekintzara pasatuko dira: Urola ibaiaren inguruan ibilbide gidatua egingo dute. Helduei zuzendutako saioa da, eta 10:30ean elkartuko dira, Ekoetxean. Bisita gidatuan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago Ekoetxearen webgunearen bidez edota info.azpeitia@ekoetxea.eus helbidera idatzita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide