Hiru eguneko ospakizunak, Kulturazen 15. urteurrenerako

Aitziber Arzallus

Hainbat lagun Soreasuko agertokian, Kulturaz kooperatibaren ospakizun ekitaldi batean. (Kulturaz)

Azpeitiko kultur taldeen festarekin hasiko dituzte ekitaldiak. Sormen kolektiboaz jardunaldia eta Ibil Bedi taldearen pase irekia ere antolatu dituzte kooperatibakoek.

Kulturaz kultur kooperatibak hamabost urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko hiru eguneko egitaraua prestatu du. Ekitaldi horien aitzakian, ostiraletik igandera herriko kultur taldeen nahiz Euskal Herriko sortzaileen bilgune eta topaleku izango dira, beste behin, Sanagustin kulturgunea, Dinamoa sormen gunea eta Soreasu antzokia.

Ostiralean hasiko dira ospakizun ekitaldiekin, Azpeitiko kultur taldeen festarekin. Kulturazen arabera, hamabost urte hauetan herriko kultur taldeak izan dira kooperatibaren motor nagusia; hori horrela, "herriko kultur sarea elkartuz, elkarrekin kulturaz gozatuz eta hamabost urteetako lana nabarmenduz" ekingo diete ospakizunei. 19:00etan hasita, hainbat taldek elkarlanean prestatutako emanaldia eskainiko dute Sanagustinen. Hain zuzen ere, Juan Antxieta musika eskolak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Udal Musika Bandak, Luix Beltza dantza eskolak, Itsasi kultur taldeak, Erniarraitz bertsozale elkarteak, Metal Boskoteak, Trikigiro elkarteak, K-Beat ahots taldeak, Dantzaki dantza eskolak eta Arte eta Diseinu ikastegiak parte hartuko dute ekitaldian. Oholtzara igotzen ez direnak, hara begira egongo dira, emanaldia bertatik bertara ikustera joanda, eta elkarrekin mokadutxo bat eginez bukatuko dute ekitaldia.

Larunbatean, berriz, hausnarketarako eguna izango dute. Sorkuntza kolektiboari buruz ariko dira Hil da jenioa izeneko jardunaldian, Dinamoan, 10:00etatik 14:00etara. Kulturaz kultur kooperatiba eta, zehazki, Dinamoa sormen gunea sorkuntza proiektu askoren testigu izan dira hamabost urteotan. "Aspalditik bueltaka izan dugun susmoa da artistaren bikaintasuna eta originaltasuna baino gehiago, ez ote den berez elkarlana sormenaren motor nagusia. Eta hori hala dela onartuta ere, zergatik egiten zaion hainbeste gorazarre artistaren bikaintasunari, ospeari eta marka indibidualari. Are gehiago, ez ote dugun guk geuk ere makineria horretan aktiboki parte hartzen". Horiek horrela, sorkuntza kolektiboa bultzatzeko eta horren inguruan pentsatzeko prestatu dute larunbateko jardunaldia. Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktore eta sortzaileek aurkeztuko eta gidatuko dute saioa, eta solasaldiek eta performanceek osatuko dute egitaraua, mokadutxo bat egiteko tarteak arinduta. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Kulturazen webgunean, doan.

Asteburuko egitarauarekin amaitzeko, igandean Ibil Bedi taldearen pase irekia izango da Soreasu antzokian. Ibil Bedi taldea disko berriaren oholtzaratzea prestatzen aritu da Azpeitian, eta Soreasu antzokian bi asteburuko sormen egonaldia egin ondotik, ondutakoa herriari eskaini nahi diote. Kontzertua baino gehiago, kontzertu saiakera izango dela aurreratu dute Kulturazeko kideek, eta gustura asko jasoko dituztela ikusleen iruzkinak, kritikak eta iritziak bueltan. 12:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak Kulturazen webgunean eskura daitezke, 5 euroren truke.

Egitaraua

Urriak 23, ostirala

  • 19:00. Hamabost urte ospakizun ekitaldia, Sanagustin kulturgunean. Honako hauek parte hartuko dute: Juan Antxieta musika eskolak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Udal Musika Bandak, Luix Beltza dantza eskolak, Itsasi kultur taldeak, Erniarraitz bertsozale elkarteak, Metal Boskoteak, Trikigiro elkarteak, K-Beat ahots taldeak, Dantzaki dantza eskolak eta Arte eta Diseinu ikastegiak.
  • Ondoren, mokadutxo bat egiteko aukera izango da bertan.

Urriak 24, larunbata

  • 10:00-14:00. Hil da jenioa jardunaldia, Dinamoa sormen gunean.
  • 10:00. Harrera.
  • 10:15. Solasaldia: Idazketa kolektiboa, Oihana Aranaren eta Maria Osesen eskutik.
  • 11:00. Apoaren errezitala.
  • 11:15. Solasaldia: Saretzea, Irene Balzategiren, Dejabu konpainiaren eta Edurne Azkarateren eskutik.
  • 12:00. Dantza garaikidea.
  • 12:15. Mokadutxoa.
  • 12:45. Bertsozale Elkartea, proiektu kolektiboa, Irati Antiaren, Malen Agirreren eta Lumiren eskutik.
  • 13:30. Tolesdurak, Izaro Olanoren eta Irati Berasategiren eskutik.

Urriak 25, igandea

  • 12:30. Ibil Bediren pase irekia, Soreasu antzokian. Sarrera Kulturaz.eus webgunean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide