Aurtengo Pirinioetako azken irteera egingo dute Lagun Onak mendi bazkunako mendizaleek urriaren 31ko eta azaroaren 1eko asteburuan. Aragoiko Pirinioetara joango dira, eta bi egunetan banatuta, Panticosatik Gavarniera arteko ibilbidea egingo dute; beti ere eguraldia lagun badute. Helduei zuzendutako mendi irteera izango da, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da mendian federarutatu egotea, eta federatu txartela irteerara eramatea. Tokia ere mugatua izango da, eta ahalik eta azkarren izena emateko gomendatu dute mendizaleek.
Izena emateko Lagun Onak MBko bazkideek 90 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 110 euro. Prezio horretan sartuta dago honakoa: joan-etorria, larunbateko lotarako tokia, larunbateko afaria eta igandeko gosaria. Hortik kanpoko otordu denak bakoitzaren kontu izango dira. Izena emateko diru sarrera egin beharko da Lagun Onak MBren kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822) norbere izen abizenak zehaztuta, eta ondoren, ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko da.
Lagun Onak MBk honako egitaraua egitea aurreikusi du urriaren 31ko eta azaroaren 1eko astebururako: urriaren 31n, larunbatean, 04:00etan irtengo du autobusak anbulatorioaren aurretik eta 08:30 aldera iritsiko dira Panticosako bainuetara. Orduan, GR-11 bidea hartuko dute oinez, Brazatoko iboietara igotzeko eta handik gailurren bat egingo dute. Ondoren, Ara bailarara jaitsiko dira. Bujarueloko aterpean afalduko eta lo egingo dute. 24 kilometroko ibilbidea eta 1.300 metroko aldapa positibo egitea aurreikusi dute. Igandean, berriz, 21 kilometroko eta 1.300 metro desnibel positiboko ibilbidea egitea aurreikusi dute. Bujarueloko aterpean gosaldu ondoren, aldapan gora, Bujarueloko lepora igoko dira mendizaleak, eta handik Gavarniera jaitsiko dira, herrigunean bukatuz ibilbidea.