Automobilismoak hitzordu garrantzitsua izan du gaur, igandez, Azpeitian. Hain zuzen ere, Urrakiko Igoeraren 44. aldia jokatu dute, Euskadiko eta Gipuzkoako mendiko txapelketetarako azken proba puntuagarria. Guztira, 67 gidari lehiatu dira, eta 10:00etan hasita, entrenamendu saioa eta bi manga ofizial jokatu dituzte. Monoplazetan Joseba Iraola zen faboritoa, eta ez du hutsik egin Balmasedako (Bizkaia) gidariak: 2.52,163 denbora eginda, harentzat izan da garaipena. Turismoetan, berriz, Aitor Zabaleta bergararra (Gipuzkoa) nahiz Iñaki Alberdi azpeitiarra ziren txapela janzteko hautagai nagusiak, eta Zabaleta gailendu zaio azpeitiarrari: 3.14,894 denborarekin.
Monoplazetan, Aitor Manso sailkatu da bigarren (3.04,627), eta Josu Beitia azkoitiar beteranoa hirugarren (3.07,605). Turismoetan, Iñaki Alberdik eskuratu du bigarren postua (3.15,487), eta Ibon Otaegi azpeitiarrak hirugarrena (3.21,366). Hemen ikus daiteke sailkapena osorik.
Jende ugari elkartu da Azpeititik Urrakira bidean lasterketa ikusteko, eta giro ederra sortu da.
(Argazkiak: Ruben Montori)