Miren Bastida mendi lasterkeri azpeitiarrak Legazpiko (Gipuzkoa) III. Korosti Trail mendi lasterketa irabazi du gaur, igandea. 10:15ean abiatuta jokatu dute proba. Guztira, 13,5 kilometroko ibilbideari egin behar izan diote aurre proban parte hartu duten 246 lasterkariek, eta emakumeetan azpeitiarra nagusitu da.
Mendian ikusle asko izan da korrikalariak animatzen, baita helmugan ere. Parte hartzaileek majo eskertu dute bidearen bi alboetan pilatutako herritarren aupada, zer esanik ez garaipenagatik borrokatu dutenek; izan ere, lehia oso estua izan dute Bastidak eta bigarren sailkatu den Laida Elizegi zaldibiarrak (Gipuzkoa). Azkenean, baina, hamabi segundoko tartea aterata lortu du garaipena azpeitiarrak. Intza Urrestarazu ordiziarra sailkatu da hirugarren, Bastidak egindako denboratik bi minutu eta 40 segundora helmugaratuta.
Hona hemen sailkapena:
- Miren Bastida: 01.21.09.
- Laida Elizegi: 01.21.21.
- Intza Urrestarazu: 01.23.49.