German Aranburu eta Jone Arriaran txapeldun, 50. Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Andoni Elduaien

Aranburu eta Arriaran, garaipena ospatzen. (Dantza Sueltoa)

50. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatu dute gaur eguerdian Segurako Baratze pilotalekuan. Bederatzi bikotek hartu dute parte, eta German Aranburu eta Jone Arriaran nagusitu dira, 73 puntu batuta. Dantza jantzien saria ere Azpeitira etorri da, Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak irabazi dute eta. 

German Aranburu eta Jone Arriaran dantzari azpeitiarrek irabazi dute 50. Euskal Herriko Dantza Txapelketa gaur, larunbata, Seguran (Gipuzkoa). Herri horretako Baratze pilotalekuan jokatu dute txapelketa 12:00etan hasita, eta guztira, bederatzi bikotek parte hartu dute. Lehiakide horiek guztiek arin-arina eta fandangoa dantzatu behar izan dituzt, eta guztien artean onenak Aranburu eta Arriaran izan dira.

Txapeldunen dantza emanaldiarekin hasi eta amaitu da gaurko hitzodua; izan ere, oholtzara irteten lehen bikotea azpeitiarrena izan da, baina baita azkena ere, haiek eskaini dute-eta txapeldunen agurra. 73 puntu batu dituzte Aranburuk eta Arriaranek, eta bat gutxiago, 72 puntu, bigarren sailkatu diren Onditz Esnaolak (Lizartza, Gipuzkoa) eta Gorka Granadok (Sopela, Bizkaia). Hirugarren postua, berriz, Ane Jaunarenak eta Endika Osak (Lezo, Gipuzkoa) lortu dute, 70 punturekin.

Nolanahi ere, Aranburuk eta Arriaranek irabazitako saria ez da gaur Azpeitiko ordezkariek eskuratu duten bakarra izan. Dantza jantzien saria Azpeitiko Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak irabazi dute. Azpeitiko Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru bikoteak eta Malen Arrizabalagak ere parte hartu dute txapelketan; Arandia eta Aizpuru zortzigarren sailkatu dira, eta Arrizabalaga bederatzigarren, Irati Olaizola legazpiarrarekin (Gipuzkoa) batera.

Gaur gauean, 21:00etan, ETB1en ikusi ahal izango da osorik Seguran jokatu duten 50. Euskal Herriko Dantza Txapelketa.

Aranburu eta Arriaran, gaur, garaipena eskuratu ondoren. (Dantza Sueltoa)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide