Gaur dira 25 urte Beñat Arrue aizarnarrak eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrak, hiru nafarrekin batera, istripua izan eta bizia galdu zutela Himalaiako Pumori mendian. Eta data horri keinu eginez, gaurko egunez inauguratu du Alex Txikonek Mendietxe museoaren bigarren zatia. Egun osoko ekitaldia antolatu dute inauguraziorako, baina eguerdi partean izan da ekitaldi instituzionala nahiz museoaren atal berria bisitatzeko aukera. Jendetza bertaratu da, eta besteak beste, bertan izan dira mundu osoko alpinistak eta erakundeetako ordezkariak.
Ekitaldiarekin hasteko, agurra dantzatu du dantzari batek, bi musikariren laguntzarekin, eta ondoren, Ainhoa Lendinez kazetariak eta mendizaleak egin ditu aurkezle lanak. Hark nabarmendu du gailurrera iristea askoz ere errazagoa dela taldean eginez gero, eta hori horrela, museoa garatzeko bidean erakundeek, Soraluze-Elorza familiak eta hainbat enpresak eman duten laguntza eskertu du. "Gaur gailurrera bidean beste aurrerapauso bat emango dugu", esan du. Mendietxe museoaren bigarren fasea inauguratuta, proiektuak "etengabe" hazten jarraitzen duela adierazi du, eta helburua bat eta bakarra dela azpimarratu: mendizaletasunaren memoriari eustea eta mendizaletasunaren balioak transmititzea. "Mendietxe museoa mendiari egindako omenaldia da; mendizaletasunaren historia gordetzea nahi du, mendizaleen objektuekin batera". Guneak alpinismoaren historia jasotzeaz gain, hura "sentitzen eta bizitzen" laguntzen duela adierazi du. Museoaren etapa berria inauguratuta, "hasiera bat ospatzen" ari direla nabarmendu du, eta aurrera begira, datozen belaunaldiei mendizaletasunarekiko pasioa transmititzeko nahia ere baduela museoak.
Lendinezek gogora ekarri duenez, "pertsona baten ideia eta ilusiotik" sortu zen Mendietxe museoa, eta jarraian, Alex Txikoni eman dio hitza. Hark esan du gaurko egunez "pozik" dagoela, nahiz eta bidea ez den erraza izan: "Izan dira gorabeherak, sufritu dugu, baina asko gozatu dugu. Ilusioz beteta gaude". Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egin du, kanpotik jende asko etorri dela argudiatuta.
Mendietxe museoaren gaineko zertzeladak ematearekin batera, eskerrak eman dizkie museoaren bigarren zatia gauzatzeko bidean lagundu duten guztiei; besteak beste, boluntarioei, Azpeitiko Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Soraluze-Elorza familiari. Gunearen jabetza duen Soraluze-Elorza familiari bereziki eman dizkie eskerrak, Luciano Soraluzeri, Maria Pilar Elorzari eta haien seme-alabei, Olatzi eta Mikeli. Zutik jartzeko eskatu die, eta txalo zaparrada luzea jo diete haiei bertaratu diren guztiek. Ondoren, haiekin duen harreman estuaren erakusle, Txikonek esan du badirela urte batzuk aita galdu zuela, eta Lucianok eman izan dizkiola aholkuak haren ordez.
Hiru solairutako espazioa
Mendietxe museoaren bigarren fasea hiru solairutan banatuta dago, eta 1.100 metro koadro baino gehiagoko espazioa hartzen du. "Ondare historikoa, berrikuntza teknologikoa eta eremu murgiltzaileak uztartzen dituen ibilbidea da bigarren fasean proposatuko dena, eta bisitariari alpinismoaren errealitatea ikuspegi emozional, hezitzaile eta sentsorial batetik hurbilduko zaio", adierazi dute museoaren arduradunek. Adibidez, hirugarren solairuan, bisitarientzako ikus-entzunezko esperientzia murgiltzailea eskainiko dute, 60 metro koadro baino gehiagoko LED pantaila baten bidez.
Museografia proiektu berriak, gainera, historia, ezagutza eta emozioa uztartzen dituzten guneak biltzen ditu. "Horien artean, nabarmentzekoa da liburutegi espezializatu bihurtutako ermita bat, ikerketara eta hausnarketara bideratutako txoko bat, eta mendiaren historiarekin lotutako argitalpenak, dokumentuak eta materialak jasoko dituen gunea", aipatu dute adibide gisa.
Beheko solairuan, berriz, Mendietxe museoko "esperientziarik berritzaileenetako bat" bizitzeko aukera izango dela aurreratu dute proiektuaren sustatzaileek, bisitariek goi mendietako espedizio baten tankerako esperientzia bizi ahal izango baitute: "Bisita gidatuen bidez, publikoak zero azpitik 20 gradutan birsortutako benetako hozkailu ganbera batera sartzeko aukera izango du, alpinistek goi mendietako espedizioetan pairatzen dituzten baldintzak modu errealistan bizitzeko. Esperientziak irauten duen bitartean, bisitariek muturreko hotzaren eta ekaitzaren indarra sentituko dituzte, eta alpinistek erabiltzen duten material teknikoarekin jantzi ahal izango dira, planetako ingurunerik gogorrenetan moldatzeak dakarren eskakizun fisikoa eta psikologikoa hobeto ulertzeko".
Herriari "ekarpen handia"
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere hartu du hitza ekitaldian, eta adierazi du Txikoni "aldapan gora igotzea" gustatzen zaiola, eta Mendietxe museoaren kasuan ere, "gora eta gora" ari dela. "Gerra pixka bat eman du, baina sekulako lana egin du, eta lan horren emaitza ezagutzeko aukera izango dugu". Lehen fasea 2024ko azaroan inauguratu zutela gogoratu du, eta orain bigarren zatiaren txanda iritsi dela. "Seguru asko Alexen ametsetako bat izango da, ez dakit munduko, baina alpinismoari buruzko museo garrantzitsuenetako bat bilakatzea Mendietxe. Askotan kostatu egiten da etxe inguruan dauzkagun gauzak baloratzea; seguru horrelako museo bat munduko beste hiriren batean ikusiko bagenu, txundituta geratuko ginatekeela. Baina Azpeitian dago, eta denok desio dugu bere balioa ezagutaraztea. Udal bezala eskertu nahi dugu Mendietxek herriari egiten dion ekarpena, jende asko ibiltzen delako, eta guretzako pieza hau oso garrantzitsua da. Seguru nago, Alex ezagututa, beste inaugurazio batzuetan ere elkar ikusiko dugula".
Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak, bere aldetik, Mendietxe museoa bezalako proiektu baten aurrean "harro" sentitzen dela esan du, "turismoaren ikuspegitik benetan garrantzitsuak diren balioak sustatzen dituelako". Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordeak "aitortza" egin nahi izan die halako proiektu bat Azpeitian egotea ahalbidetu duten guztiei.
Eraikina berreskuratzen eta eraldatzen "inplikazio erabakigarria" izan duen familiako seme Mikel Soraluzek ere hitz egin du jendaurrean. Bertaratu diren denei eskerrak emateaz gain, bidea "konplikatua" izan dela esan du, baina museoa gelditzeko datorrela eta mendiaren balioak transmititzeko betebeharra izango duela nabarmendu du. Txikoni ere eskerrak eman dizkio egindako lan guztiagatik.
Bisitak eta egitaraua
Ate irekien jardunaldi berezia egin dute gaur, eta bihar, berriz, egun osoan zehar bisita gidatuak izango dira. Bisitetan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman beharko da honako formularioa beteta. Gaur-bihar artean, museoa 1.500 bat lagunek bisitatuko dutela jakinarazi du Txikonek.
Hona hemen gaur arratsaldeko egitaraua:
- 17:00. Primeras ascensiones documentadas a la Pique Longue del Vignemale y al Aneto liburuaren aurkezpena. Egileak: Agusti Falcon eta Alberto Boza. (Cordillera Cantabrica argitaletxea).
- 18:00. Alpinismoaren erreferentei omenaldia.
- 19:00. Azkaiter Pelox Band taldearen eskutik musika girotzea.