"Beka honek ezin zuen Miren Odriozolarena ez zen beste izenik eduki". Miren Arrieta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotziaren hitzak dira horiek. Emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen istorioak itzaletik argitara ateratzea helburu izango duen sormen beka aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo, osteguna, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Odriozola bera eta beste hainbat herritar han zirela. Jende ugari bertaratu zen, eta aurkezpen itxura ez ezik, omenaldi kutsua ere hartu zuen agerraldiak.
Nagore Alkorta alkateak hartu zuen aurrena hitza. Hark aipatu zuen Odriozolak seguru pentsatuko duela: "Nik zer egin dut bada horrelako zerbait merezi izateko?". Alkortak nabarmendu zuen "asko" dela Odriozolak egindakoa, eta beka bati haren izena jarrita omenaldia egin nahi izan diola herriak. "Gerraundiko Miren, pertsona ezaguna Azpeitian. Sarri ikusten dugu herriko bizitza sozial eta politikoan parte hartzen, betiere bere ideiei eta konpromisoei eutsiz. Baina batzuetan pertsona bat ezagutzen dugula uste dugu, eta bere azaleko gauzak bakarrik ezagutzen ditugu. Ez dugu jakiten zer bizipen dauzkan barruan, edo zer-nolako ekarpenak egin dituen, batik bat pertsona hori Miren bezalakoa denean, pertsona horren ezaugarri nagusienetakoa umiltasuna denean. Leire Ibargurenek idatzitako Laura esaten zioten liburuak eman zigun Miren pixka bat gehiago ezagutzeko aukera, eta haren bidez, Azpeitiko emakume baten esperientzia munduko beste errealitate batzuekin lotuta ulertzekoa ere bai. Horrelako lanek erakusten digute oraindik zenbat dagoen egiteko, batik bat emakumeen bizitzei dagokienez, eta baita LGTBIQ+ kolektiboei dagokienez ere. Herri baten memoria osatzeko, ezinbestekoa da norbaitek denbora bat hartzea bizipen horiek jasotzeko, lantzeko, kontatzeko, eta horregatik erabaki dugu beka hau sortzea".
Alkateak esan zuenez, herri ondarearen parte dira herritarrek bizi izandakoak eta egindakoak, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ardura daukate erakundeek. "Memoria hori jasotzea eta etorkizunera eramatea gure herria zaintzeko beste modu bat ere bada. Gure asmoa da Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko kideen bizipenak jasotzeko eta haien ekarpenak ezagutzeko aukera berriak sortzea, eta aldi berean, literatur sorkuntzari bultzada ematea. Miren, zure izena daraman beka honek zure ibilbidea dauka abiapuntu gisa, baina hemendik aurrera, beste askoren istorioak ezagutzeko bidea ere izan nahi du". Buruan ideiaren bat duten guztiak animatu zituen deialdian parte hartzera.
Ondoren, Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak hitz egin zuen. Emakumeei eta LGTBIQ+ kolektiboko kideei historian zehar boterea ukatu izan zaiela azpimarratu zuen. "Inork ez du zalantzan jarriko emakumeak ere historiaren parte izan garenik, garai, espazio eta leku guztietan egon izan garelako, baina tamalez, ekarpen gutxiegi ditugu jasota eta dokumentatuta. Zaintzaileak izan garela esan ohi digute emakumeoi, baina emakumeak ez gara zaintzera bakarrik mugatu izan. Askotariko borroka, aldarri, ekarpen eta konpromisoen atzean emakumeak egon gara. Baina historian ezkutuan utzi gaituzte. Hortaz, literatura beka honek esperientzia eta bizipen horiek jasotzeko oinarriak ezarri nahi ditu, gure herriko historiaren kontakizun osatuago bat eraikitzeko bidean. Hain zuzen, itzalean gelditu diren errelato horiek isiltasunetik argitara ateratzeko helburua dauka".
Arrietaren arabera, Azpeitiko emakumeen zein LGTBIQ+ pertsonen bizipenak ezagutarazteko beka bat da sortu berri dutena, hain zuzen, horretarako balio izan zuelako Leire Ibargurenek idatzitako Laura esaten zioten liburuak: "Miren Odriozolaren bizipenak ezagutzeko eta ohartzeko gure herrian ere uste genuena baino askoz gertuago emakume eredugarri bat geneukala". Leire Ibargureni eta Bilgune Feministari eskerrak eman zizkien, aitzindariak izan direlako emakumeen oroimen historikoa lantzen, eta hemendik aurrera ere, bekaren bidez, jardun horri ekingo zaiola adierazi zuen.
Odriozolari berari ere zuzendu zitzaion, eta esker hitzak izan zituen harentzat: "Nola ez, Mireni ere eskerrak eman beharrean gaude, irakaspen izugarri jaso ditugulako bere partetik. Txikitatik ekin zion gure hizkuntzaren eta kulturaren sustapenari, eta jarraian egin zuen salto militantzia politikora. Hautu horrek bere bizitzan zehar momentu politiko ezberdinetan parte hartzera bultzatu izan du, langileen edo pentsiodunen mugimenduetan, nazio askapen prozesuan eta feminismoan. Espetxea ere zapalduarazi zioten, baina Mirenen espazioa kalea izan da, espazio publikoa. Gure herriko bizitza sozialean eta politikoan ezagutu dugu, baina bere ekarpena munduko beste txokoetara ere iritsi da. Borroka kolektibo ezberdinen partaide izan da Miren, eta argi irakatsi digu komunitatean, kolektibotasunean edota ahizpatasunean dagoela indarra. Zapalkuntza ezberdinen aurrean ahotsa altxatu eta tinko mantendu behar dela ere irakatsi digu. Mirenek mundu berri bat darama bihotzean, eta mundu hori eraikitzeko oraindik ere dena dago borrokatzeko; horixe izan da Mirenen irakaspenik handiena. Hortaz, beka honek ezin zuen Miren Odriozolarena ez zen beste izenik eduki, aurrez aipatutako guztia emakume izanda egiteari balioa eman behar zaiolako eta horrek guztiak erreferente bihurtzen duelako. Hau hasiera bat izatea nahiko genuke, bestelako ereduak ikusarazteko, memoria ariketa kolektibo bat egiteko, amets kolektiboak lortzeko".
Miren Odriozola, hunkituta
Ondoren, Odriozolak askotariko borroketan kide izan dituenak, lagunak nahiz senitartekoak ageri ziren bideoa proiektatu zuten. Odriozolari hitz batzuk zuzendu zizkioten Euskal Herriko nahiz El Salvadorko lagunek, Azpeitiko hainbat eragiletakoek, senitartekoek... Hunkitu egin zen Odriozola bideoa ikustean.
Bideoa amaitzean, protagonistak berak hartu zuen hitza. "Oso emozionatuta nago. Denek bota dizkidazuen loreekin aurpegia gorrituta edukiko dut, eta eskerrik asko denoi etortzeagatik. Sekulako sorpresa izan da, ez nuen espero horrelakorik. Mila mila esker". Jarraian, eskerrak eman zizkien hainbati: "Eskerrik asko beka hau sortzea posible egin dutenei; uste dut oso garrantzitsua dela beka hau azpeitiarrontzat eta batik bat Azpeitiko emakumeentzat eta LGTBIQ+ kolektibokoentzat. Niretzat ohore handia da bekak nire izena eramatea, baina nahiz eta nire izena eraman beka honek, ez da nire ohorea bakarrik, denon ohorea da. Eta nik gaur ohore hori partekatu nahi dut Azpeitian hainbeste lan egin duzuen emakumeekin".
Zerrenda luzea bota zuen jarraian: "90eko hamarkadan egon zen emakume talde bat... ohore hau zuena ere bada. Azpeitian egon diren kolektibo feminista guztiekin konpartitu nahi dut nire ohorea, izugarrizko lana egin dutelako. Orain dela 23 bat urte sortu genuen Emakumeen Mahaia udaletik, ez geneukan ez lokalik, ez teknikaririk, eta aurrekontua ere gutxi. Talde bat juntatu ginen eta jarraitu genuen lanean, Damasonean lokal txiki bat eman ziguten, eta han ere lanean jarraitu genuen. Emakume horiekin guztiekin ere ohore hau konpartitu nahi dut. Orain dela hamabost urte, udalak eman zigun lokal eder hori, Emakumeen Txokoa, eta hor jarraitu genuen lanean, eta hor jarraitzen dugu. Haiekin ere konpartitu nahi dut ohorea. Baita ere ahalduntze eskoletan parte hartzen duten hainbeste emakumerekin. Bestalde, egin genuen Azpeitiko emakumeen memoria historikoa lantzeko talde bat, eta horiekin ere ohorea konpartitu nahi dut. Azkenik, LGTBIQ+ kolektiboarekin eta Azpeitiko Feministen Sarearekin. Agian norbait ahaztu zait, baina lan asko egin da feminismoa eta parekidetasuna lortzeko; lan horrek iraun du, eta iraungo du. Gure ondorengoek jarraituko dute patriarkatuaren eta matxismoaren kateak apurtu arte. Nik nahi dut Azpeitia parekideago bat, baita ere nahi dut pertsona bakoitzak bere izaera aukeratzeko libre izatea eta errespetua izatea beraiengan. Eta bukatzeko, gora borroka feminista eta gora LGTBIQ+ kolektiboaren borroka!". Txarro zaparrada luzea entzun zen jarraian.
Bekaren oinarriak
Bukatzeko, Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak bekaren ezaugarriak azaldu zituen.
Helburuak
- Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen bizipenak eta memoria ikusgarri egitea.
- Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde lan egin duten kolektiboen ekarpenak jasotzea.
- Literatur sorkuntza sustatzea.
Emaitza
- Askotariko literatur lanak izan daitezke: nobela, kazetaritza kronika, komikia, gidoia, ipuina eta abar.
- Udalak lanaren 500 ale inprimatzeko konpromisoa hartuko du.
Diru laguntza eta epea
- 15.000 euro jasoko ditu bekaren irabazleak, bi epetan banatuta:
- %50 diru laguntzaren ebazpena ematen den unean
- %50 bekaz baliatzeko aldia amaitzen denean.
Oinarriak eta eskabideak
- Datozen bi asteetan argitaratuko dira GAOn. Beharrezko dokumentazioa 30 eguneko epean aukeztu behar da, banaka edo taldean: eskabide orria, curriculuma, 10-20 orri arteko proiektu proposamena, gehienez 10 orriko literatur lanaren lagina eta C1 euskara agiria.
Puntuazioa
- Honela banatuko dituzte beka banatzeko 100 puntuak:
- 60 puntu literatur lanaen lagina.
- 30 puntu proiektu proposamena.
- 10 puntu curriculuma.
Epaimahaia
- Kattalin Miner (aditua)
- Oihana Arana (aditua)
- Alaitz Olaizola (mugimendu sozialeko ordezkaria)
- Miren Arrieta (udal ordezkaria)
- Edurne Enparan (udal ordezkaria)
Ekitaldia ixteko, Laura esaten zioten liburuaz solasaldia egin zuten.