Sokamutur txikiak berreskuratuta dator XXVII. Zezen Beltz asteburua

Nerea Uranga

Iazko Zezen Beltz asteburuko helduen entzierroa. (Maialen Etxaniz)

Hamazazpigarren asteburua larunbatean eta igandean ospatuko du Zezen Beltz elkarteak, egitarau betearekin. Sokamutur txikiak zapatuan nahiz igandean egingo dituzte, eta 16 urtetik gorakoentzako zezen bolaztatuak ere bi egunetan izango dira. Bestalde, larunbateko Grand Prixerako sarrerak salgai jarri dituzte. Igandean, berritasun bezala, paella dastatzeko aukera eskainiko dute elkartekoek.

Asteburuan, zapatuan nahiz igandean, ospatuko den XVII. Zezen Beltz asteburua berritasunekin dator. Batetik, 2022. urtetik Zezen Beltz asteburuaren barruan egin gabeko sokamutur txikiak berreskuratuko dituzte aurtengoan; eta bestetik, parrilladaren ordez, paella dastaketa eskainiko dute Zezen Beltz elkartekoek, igande eguerdian herriko plazan. Beraz, asteburuan Azpeitian tarte berezia hartuko dute sokamuturrek, zezen bolaztatuek, entzierroek zein Grand Prix ikuskizunak.

Larunbatean, urriaren 17an, sokamutur txikiarekin hasiko dute asteburua. Erdikale barrenetik herriko plazara egingo dute sokamutur txikia, 12:30ean hasita, Lopene ganadutegiko zezenekin. Ondoren, zezen txikiak eta poniak izango dira plazan. Arratsaldean, 17:00etan hasita, Grand Prix ikuskizuna izango da zezen plazan, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenekin. Lau kuadrillak parte hartuko dute aurtengo ikuskizunean: hiru kuadrilla Azpeitikoak dira eta bat Azkoitikoa. "Ikuskizunean parte hartuko dutenen artean aurpegi ezagunak badaude, baina baita berriak ere. Urtero Grand Prixean jende berriak parte har dezan saiatzen gara, eta beti animatzen da bateren bat berria ikuskizunean parte hartzera", aurreratu du Zezen Beltz elkarteak. Ikuskizuna bukatutakoan, zezen bolaztatuak izango dira zezen plazan, 16 urtetik gorakoentzat.

Grand Prix ikuskizunera joateko sarrerak dagoeneko salgai daude bost eurotan, honako taberna hauetan: Berdie, Jim Clark, Mendizabal, Pastorkua eta Eguzkitza. Larunbata eguerdira arte egongo dira tabernetan sarrerak saltzen, eta 16:00etatik aurrera, zezen plazako leihatilan salduko dituzte. 

Baita paella dastaketa ere

Igandean, urriaren 18an, ere segida izango dute Zezen Beltz elkarteak astebururako antolatutako ekitaldiek. Larunbata bezala, igandea ere sokamutur txikiarekin hasiko da. 12:30ean, Erdikaletik hasiko da sokamutur txikia, Arno ganadutegiko zezenekin, eta segidan, zezen txikiekin zein poniekin jolasteko aukera izango da plazan.

Aurtengoan, igande eguerdian paella dastatzeko aukera eskainiko dute Zezen Beltz elkartekoek. Parrillada egin ordez, paella prestatuko dute elkartekoek, eta igandean plazan jarriko duten jan-edanerako postuan dastatzeko aukera izango da. "Zerbait berria antolatzeagatik paella prestatzea erabaki dugu aurten, eta herri bazkaritarako bezala prestatuko dugu: ontzi handi batean", aurreratu dute antolatzaileek.

Arratsaldean, helduen entzierroa egingo dute Lopene ganadutegiko zezenekin Artzubiatik plazara eta buelta. Segidan, 16 urtetik gorakontzako zezen bolaztatuen saioa izango da Artzubian. 17:15ean hasiko da helduen entzierroa, eta hori bukatutakoan izango dira zezen bolaztatuak Hartzubian.

Egitaraua

Urriak 17, larunbata.

  • 12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik. Lopene ganadutegia.
  • Ondoren, zezen txikiak eta poniak, herriko plazan.
  • 17:00. Grand Prixa, zezen plazan. Bergarako Zezenak ganadutegia.
  • Ondoren, zezen bolaztatutak, zezen plazan.

Urriak 18, igandea.

  • 12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik. Arno ganadutegia.
  • Ondoren, zezen txikiak eta poniak, herriko plazan.
  • 12:30. Paella dastaketa, herriko plazan.
  • 17.15. Helduen entzierroa, Artzubitik plazara eta buelta. Lopene ganadutegia.
  • Ondoren, zezen bolaztatuak, 16 urtetik gorakoentzat, Artzubian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide