Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek hasi dituzte datorren edizioa prestatzeko lanak, eta aurten ere, emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko entrenamendu saioak antolatu dituzte. Denera, lau irteera izango dira, eta aurrenekoa larunbatean, urriaren 17an, izango da Oihana Azkorbebeitia lasterkariak gidatuta. Irteera horretan parte hartzeko izena osteguna (urriak 15) baino lehen eman behar da Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean.
Larunbatean, 08:45ean, irtengo dute Azpeitiko plazatik emakumeei zuzendutako lehen entrenamendu saioan parte hartuko dutenek. 12 kilometroko eta 600 metro aldapa positiboko ibilbidea egin ondoren, herriko plazan bukatuko dute saioa. Kontsigna zerbitzua eta dutxatzeko aukera Izarraitz pilotalekuan jarriko dituzte saioaren antolatzaileek. Bukatutakoan, gainera, hamaiketakoa eta solasaldia izango dituzte irteeran parte hartzen dutenek Azoka Plazan, Iraurgi saskibaloi klubaren Garagardo Azokan. Irteeran parte hartzen dutenen artean Larrañaga hotelean bi lagunentzako otordua eta Joma Sport etxearen produktuak ere zozkatuko dituzte.