Bost lurrun tren martxan jarrita ospatuko dute Burdinbidearen Euskal Museoaren urtemuga

Nerea Uranga

Lurrun tren bat Lasaoko geltokian. (Burdinbidearen Euskal Museoa)

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak 32. urtemuga ospatuko du larunbatean. Egun horretan bost lurrun tren jarriko ditu martxan eta igandean, ohiko moduan, bakarra. Lurrun trenean ibiltzeko aukeraz gainera, hainbat ibilgailu historiko ikusteko modua eskainiko du.

Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak 32. urtemuga ospatuko du asteburuan. Urteurrenari lotuta, larunbatean, urriaren 10ean, bost lurrun tren makina jarriko dituzte martxan museoan, eta hurrengo egunean, igandean, ohiko moduan lurrun trenean beste zirkulazio bat (12:00etan) egingo dute.

Larunbatean martxan jarriko dituzten bost lurrun makinak honakoak izango dira: Espinal (1887), Zugastieta (1888), Aurrera (1898) eta Euzkadi (1920). Horiez gainera, Graftongo lurrun garabia (1920), Alsthom 1004 (1965) diesel trakziozko tren makina eta Bilboko U-52 (1932) eta Zaragozako 218 (1952) tranbia elektrikoak martxan ikusteko aukera izango dute bisitariek. Azpeitiko museotik Lasaoko geltokira joan-etorria egiteko honako orduetan irtengo dute lurrun trenek, larunbatean: 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.

Burdinbidearen Museoaren instalazioak honako ordutegian izaten dira zabalik: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era; larunbatetan 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; eta igandeetan eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik) 10:30etik 14:00etara. Informaziorako telefono zenbakia 943-15 06 77 da eta museoa@euskotren.eus helbide elektronikoa.

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide