Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren antolatzaileek prest dituzte emakumeen entrenamenduak

Ihintza Elustondo

Ainara Urrutiaren eskutik, urtarrilean egin zuten entrenamendu saioa. (Domusa Teknik 40 MLK)

Guztira, lau entrenamendu saio prestatu dituzte, eta urriaren 17an, hurrengo larunbatean, egingo dute aurrenekoa, Oihana Azkorbebeitiaren eskutik. Berrikuntza gisa, irteera bat gauez egingo dute, eta zoru pelbikoari lotutako saioa ere izango da. 

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak hasi dira dagoeneko hurrengo edizioa prestatzen, eta emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko asmoz, aurten ere haiei zuzendutako entrenamendu saioak antolatu dituzte. Guztira, lau irteera izango dira, eta berrikuntza moduan, irteera horietako bat gauez egingo dute. Irteerez gain, zoru pelbikoari buruzko hitzaldia eta saio praktiko bat ere izango da. 

Urriaren 17an, hurrengo larunbatean, egingo dute aurreneko entrenamendu saioa, Oihana Azkorbebeitiaren eskutik. Azaroaren 14an, berriz, zoru pelbikoari buruzko hitzaldia eta saio praktikoa izango dira, Lele Mujika zoru pelbikoan aditua den fisioterapeutaren gidaritzapean. Abenduaren 12an, gaueko irteera egingo dute Naroa Uria eta Eneritz Aramendi korrikalari azpeitiarrekin. Urtarrilaren 16an, bestalde, Joma trail taldeak zuzenduko du irteera, eta otsailaren 6an, Maider Unanuek eta Irati Ortiz de Andak gidatuko dute txangoa. 

Lagun Onak mendi bazkunak antolatzen ditu Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketak, Domusa Teknik babesle ofizialaren laguntzarekin, eta haiek jakinarazi dutenez, irteera bakoitza gerturatzen ari den heinean emango dute xehetasun gehiago. "Gure partetik emakume denak animatu nahi zaituztegu irteera hauetan parte hartzera, giro bikainean mendi irteera bat egiteaz gain, egingo diren zozketetan sariren batekin etxera joateko aukera ere izango duzue eta!", adierazi dute. Emakumeei zuzendutako irteerak Laboral Kutxak babestuta egingo dituzte. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide