Lehen Tuba Jaialdia zenak Soinu Loturak izena hartu zuen iaz, eta aurten jaialdi horren bigarren aldia egingo dute, Azpeitiko Metal Boskoteak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioak elkarlanean antolatuta. Dagoeneko zehaztu dute egitasmoaren data; hain zuzen ere, urriaren 31n egingo dute, larunbatez, Azpeitian. Jaialdiaren helburua da maila eta adin desberdinetako haize instrumentuetako ikasle gazteak elkartzea eta emanaldi bateratu bat prestatzea. Kontserbatorioko eta hainbat musika eskolatako ikasleek elkarrekin entseatzeko, musika partekatzeko eta beste musikari batzuk ezagutzeko aukera izango dute. "Topaketa honen bidez, musikarien komunitatea sendotu, musika eskolen eta kontserbatorioaren arteko zubiak eraiki eta etorkizuneko musikarien arteko harreman berriak sustatu nahi ditugu", adierazi dute antolatzaileek.
Soinu Loturak jaialdiaren lehen edizioak 80 musikari baino gehiago bildu zituen Azpeitian. Jardunaldi hartan, besteak beste, instrumentuen araberako talde saioak, beroketak eta entseguak, ikasleen arteko elkarlan jarduerak, instrumentuen erakusketa, luthier zerbitzua eta kontzertu irekiak izan ziren. Parte hartzaile guztiek, gainera, Soreasu antzokiko amaierako kontzertuan elkarrekin jotzeko aukera izan zuten. Antolatzaileen esanetan, lehen edizioan sortutako giroa, harremanak eta elkarlana "oso positiboak" izan zirenez, aurten proiektuari jarraipena eman eta musika eskolen eta kontserbatorioaren arteko sarea sendotu nahi dute. Gainera, "ekintza berezi bat" prestatzen ari direla aurreratu dute, eta datozen egunetan emango dute jarduera horren eta gainerako ekintza osagarrien berri.
Jaialdian parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, lotura honetan. Bazkaririk gabe, 10 euro ordaindu beharko da, eta bazkariarekin, 30 euro. Urriaren 23a izango da izena emateko azken eguna.
Egitaraua
Hona hemen egitaraua:
08:45. Harrera eta taldeen banaketa, Azpeitiko Udal Musika Bandaren egoitzan.
09:00. Beroketa saioa. Talde bakoitza dagokion gelara bideratuko da.
09:45. Lehen entsegua, taldeka.
11:00. Hamaiketakoa, Soreasu antzokiko sarreran.
11:20. Bigarren entsegua, Soreasu antzokiko agertoki nagusian.
12:30. Atsedenaldia.
13:00. Kontzertua, Soreasu antzokian.
14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean. Bazkaria aukerakoa izango da.