Gutuna

'Mari Carmen dekretua' ez, eta orain zer?

Eneko Larrañaga (Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea)

Elizkaleko etxeak, artxiboko irudi batean. (Maialen Etxaniz)

Espainiako Diputatuen Kongresuan etxebizitza dekretuek porrot egin eta ordu gutxira mobilizazioak egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan, besteak beste, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Espekulazioari kontra egin eta guztientzako etxebizitza bermatuta egotearen alde borrokatu beharra aldarrikatu dute. Hona hemen gai hori lotuta Eneko Larrañaga Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak idatzitako gutuna.

Madrilen eman berri den Mari Carmenen etxegabetzeak Espainia Estatu mailako eztanda soziala ekarri du gizartera bat-batean. Telebistek, irratiek, prentsak... etxebizitzaren auzian jarri dute begirada aste honetan; eta ez da gutxiagorako, Euskal Herrian bertan ere egunero hiru etxegabetzetik gora ematen dira, etxebizitzaren arazoa egiturazkoa denaren seinale. Gauzak horrela, alderdi politikoen mugimenduak ere azkar batean ikusi ahal izan ditugu, haserre soziala elektoralki bereganatu nahian.

Eskuineko alderdiek lehengo lepotik daukate burua, beraiek baitira espekulatzaileak eta enpresaburuak. Inor gutxi harritzen da Ayusok 6 milioi balio dituen atiko bat erosita. PSOEk, berriz, aurreko astean putre funtsen jarduna mugatzeko legea blokeatu ostean, orain bera da lege dekretuak proposatzen ari dena bere bazkide erreformistekin batera. Nola zerriak askara, halaxe datoz politikariak bozen bila.

Dekretuek maizterrentzako momentuko onurak ekar zitzaketen arren, etxebizitzaren arazoari errotik heltzetik urrun, etxejabeentzat onuragarriak diren neurriak proposatu dituzte, besteak beste, langile batek dituenak baino hobari fiskal handiagoak eskainiz. Haserre soziala baretzea eta kanalizatzea helburu besterik ez duten ogi apurrak dira; izan ere, urte gutxi batzuetako laguntzak izango ziratekeen. Esan gabe doa aurreko Etxebizitza Legearekin martxan jarritako moratoriak ere ez zituela etxegabetze asko saihestu.

Behin eta berriz aipatzen bada ere etxebizitza oinarrizko eskubide bat dela, garbi dago alderdi politikoek ez dutela arazoaren errora jo nahi. Etxebizitzak bermatutako eskubide bat izan beharko lukeen arren, inbertsiorako, espekulaziorako eta erretangarritasunerako aktibo bihurtu da. Kalitatezko etxebizitza berme bat izan dadin, guztiontzako eskuragarria izan behar da: hau da, gure soldata edozein dela ere, guztiok izan behar dugu etxebizitzarako sarbidea.

Horregatik, bide honetan, gaurdanik hainbat neurri beharrezkoak ikusten ditugu: batetik, espekulatzaileen etxebizitzak espropiatzea, etxebizitzak gutxi batzuen eskuetan egon beharrean, langileriaren artean sozializatzeko. Bigarrenik, etxebizitzen espekulazioa debekatzea, hori baita gaur egun etxebizitzaren arazoa zeharkatzen duen faktore nagusia. Eta hirugarrenik, giza beharrizanen araberako planifikazio arrazional bat egitea; etxebizitzak langileriaren artean sozializatu ondoren, erabakitzea etxebizitza gehiago eraikitzeko beharrik dagoen ala ez.

Ikusi da alderdi politikoek auzia konpontzeko daukaten gaitasuna eta borondatea. Kale mobilizazioak erakutsi du politika orokorra baldintzatzeko daukan gaitasuna. Orain da momentua independenteki antolatu eta aldarrikapen hauekin kaleak hartzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide