Euskal Herriko zuhaitzen eta arbolen garrantziaz aritu dira, liburua aurkeztuta

Nerea Uranga

Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztu dute Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak gaur arratsaldean Azoka Plazan. Zuhaitzen inguruan galtzen ari den jakinduria jaso eta ezaguraztea da Argiak kaleratu duen argitalpenaren helburuetako bat.

Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute gaur arratsaldean, Azpeitiko Azoka Plazan. Gaurko ekitaldiaren nondik norakoen berri Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu ditu; hark esan du proiektu interesgarria iruditu zitzaiela, eta Azpeitiko Udalak egitasmoa laguntzea erabaki zuela. Segidan, liburuaren egileetako bik Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak hartu dute hitza Azoka Plazan bildutakoen aurrean. Errekondok azaldu du "bere obsesio bati" erantzun diola egitasmoak. "Egurrarekin lotutako familia batekoa naiz, eta ohartu naiz gaur egungo gazteek zuhaitzen eta arbolen inguruko jakinduria galdu egin dutela, Euskal Herriko kulturarekin duten lotura, garrantzia...".

Euskal Herriko 116 zuhaitz eta arbola espezie jaso dituzte liburuan, eta bakoitzaren ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, gaitzak eta izurriteak azaldu dituzte. Errekondok eta Arriolabengoak Iñaki Etxebesterekin eta Dani Blanco argazkilariarekin egin dute liburua, eta diseinuaz Unai Gaztelumendi arduratu da. Hiru hitzaurrek, hainbat adituren artikuluk, 1.096 argazkik, 100 ilustraziok eta 86 mapak osatzen dute Argiak kaleratu duen lan mardula.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide