Arratsalde magikoa izan da Dinamoan

Iraia Oteiza

Gertuko magia galarekin asteburu magikoan murgildu da Azpeitia. Asier Saizar, Beñat Zubizarreta, Oier Jurado eta Luis Olmedo magoek askotariko trikimailuak egin dituzte, eta ikusleek harrera beroa egin diete.

Magiaz blai jarraitzen du Azpeitiak, atzo hasitako Txisteratik magia jaialdiari gertuko magia galarekin eman diotelako jarraipena gaur arratsaldean. Asier Saizar, Beñat Zubizarreta, Oier Jurado eta Luis Olmedo magoak izan dira gaurko protagonistak, eta Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan eskaini dute gertuko magia gala, 18:00etan hasita. 

Askotariko trikimailuak egin dituzte magoek emanaldian zehar, eta ikusleek bertatik bertara jarritu dituzte haien mugimenduak. Gainera, trikimailuak are gertuago ikusteko, pantaila handi bat jarri dute publikoaren aurrean. Ikusleek bero erantzun dute, eta gogotik gozatu dute ordubete pasatxo iraun duen emanaldiarekin. Saioaren ostean, hitzaldia eskaini du Olmedok. 

Bihar, larunbatez, programa betea izango du Txisteratik jaialdiak. Beste behin, magoek kalera aterako dute magia, eta eguerdian magia poteoak hartuko ditu Alde Zaharreko txokoak. Lehiaketa ere egingo dute herriko kaleetan, eta estreinakoz, Basazabal jauregian ere izango da magiaz gozatzeko aukera, Julen magoaren Xinestezina ikuskizunarekin. 19:00etan, berriz, Txisteratik gala nagusia hasiko da Soreasu antzokian. Aurtengoan, Andoni, Carlitos, Luis Olmedo, Hector Mancha eta Iagomago igoko dira hango oholtzara. Sarrerak 10 euro balio ditu eta salgai daude Kulturaz.eus webgunean. Igandean itxiko dute Txisteratik jaialdiaren hamargarren edizioa, Maria Arandiak Basazabalen eskainiko duen Kairos ikuskizunarekin. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide