Urriarekin batera Azpeitia magian murgildu da. Txisteratik Egun Magikoak jaialdiaren hamargarren edizioa hasi zen atzo arratsaldean, herriko plazan, Haginpe tabernaren aurrean, Iagomagoren Etorri eta ikusi ikuskizunarekin. Arratsalde magikoa bizi izan zuten Haginperen aurrean bildutako herritarrek, eta herriko magoaren emanaldian ere parte hartu zuten herritar bat baino gehiagok.
Igandera bitartean askotariko magia ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Gaur, ostirala gertuko magiaz gozatzeko aukera izango da Dinamoa sormen gunean, Asier Saizar, Beñat Zubizarreta, Oier Jurado eta Luis Olmedoren trikimailuekin. Erakustaldia eskaintzeaz gain, hitzaldia ere emango Olmedok.
Biharko eguna, larunbata, programa betea izango du Txisteratik jaialdiak. Iaz berreskuratu zuten kaleko magia poteoa eta lehiaketa egingo dute eguerdian herriko kaleetan, eta estreinakoz, herritarrek Basazabal jauregian ere izango dute magiaz gozatzeko aukera, Julen magoak han egingo duen Xinestezina ikuskizunari esker. Iluntzean, Soreasu antzokia hartuko du gala nagusiak. Aurten, Andoni, Carlitos, Luis Olmedo, Hector Mancha eta Iagomago igoko dira hango oholtzara. Igandean itxiko dute aurtengo edizioa, Maria Arandiak Basazabalen eskainiko duen Kairos ikuskizunarekin.
Hona hemen Txisteratik jaialdiaren hurrengo emanaldiak:
- Gaur, ostirala:
- 18:00. Gertuko magia gala, Asier Saizar, Beñat Zubizarreta, Luis Olmedo eta Oier Juradorekin, Dinamoa sormen gunean.
- Bihar, larunbata
- 12:00. Gertuko magia poteoa eta lehiaketa, kaleetan.
- 17:00. Xinestesina ikuskizuna Julen magoaren eskutik, Basazabal jauregian.
- 19:00. Gala nagusia, Andoni, Carlitos, Luis Olmedo, Hector Mancha eta Iagomagorekin, Soreasu antzokian.
- Urriak 4, igandea:
- 17:00. Kairos gertuko magia ikuskizuna, Maria Arandiaren eskutik, Basazabal jauregian.