Mendaur mendia (1.131 metro) Nafarroan dago, Malerreka eta Bortziriak eskualdeen artean. Joan den martxoan joan nahi zuten Azpeitiko mendizaleek mendi horretara, baina eguraldia tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten asmoa. Orain, ordea, Lagun Onak mendi bazkunakoek berriro erronkari heldu diote eta urriaren 10erako (larunbata) antolatu dute Mendaurrerako irteera.
Mendaurko tontorra ezohiko bidetik igotzea da Azpeitiko mendizaleen asmoa. Eskasetik abiatuko dira, Artikutzara jaitsi, eta handik Izu igotzeko. Gero, Ekaitza (1.046 m), Mendieder (1.071 m) eta Mendaur (1.131 m) mendien gailurrak zapalduko dituzte, eta Arantzara jaitsita bukatuko dute txangoa. Denera, 25 kilometro eta 1.200 metro inguruko malda positiboa ditu ibilbideak.
Lagun Onakekoek adierazi dute, "udazkeneko paisaia gorrituaz gozatzeko aukera ederra" izango dutela mendi ibilaldian parte hartzen dutenek. Egun osoko irteera izango da eta helduei zuzendutakoa. 07:00etan irtengo du autobusak Azpeitiko anbulatorioaren aurretik. Izena aldez aurretik eman beharko da, eta horretarako azkenengo eguna urriak 8 (osteguna) izango da. Izena emateko Lagun Onak MBko bazkideek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 18 euro. Diru hori Lagun Onak MBren kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822) sartu beharko da, norberaren izen-abizenak adierazita. Ondoren, ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da, antolakuntzak jakin beharreko beste edozein informazio adierazita.