Igor Agirrezabala matxinbentarra Nafarroako Erremonte Txapelketaren finalera sailkatu da hirugarrenez Urteaga bikotea lagun duela. Erremontistek joan den asteburuan jokatu dute finalerdiaren itzulerako partida Zangozan Sagaseta-Mitxeo bikotearen aurka, eta joanekoan egin zuten bezala, azpeitiarrak eta doneztebearrak 35-23 irabazi dute norgehiagoka erabakigarria.
Joaneko partidan lortutako errentarekin joan zen Agirrezabala-Urtea bikotea itzulerako partidara, baina aurkari gazteek indartsu eta estrategia egokiaren hasi zuten neurketa, eta hasierako minutuetan, Sagaseta-Mitxeo aurretik jarri zen markagailuan. Ordea, bikote beteranoa jokoan bete-betean sartu zenean, partidak bestelako norabide bat hartu zuen, eta azkenean, Agirrezabala-Urteak eskuratu zuen beste behin finalerako txartela.
Bikoteak datorren larunbatean jokatuko du finala Zubirin iazko txapeldun Otxandorena-Otanoren aurka. Azpeitiarrak eta doneztebearrak hirugarren urtez segidan jokatuko dute Nafarroako txapelketaren finala, eta aurreko aldietan txapelak ihes egin ondoren, aurten arantza kentzen saiatuko dira.