Eguraldiari begiratuta hala ematen ez badu ere, dagoeneko iritsi da udazkena, eta, beraz, urte amaierara bitarteko planak martxan jartzeko garaia ere heldu da. Kirolariek ohiko hitzordua izaten dute urteko azken egunean, San Silbestre lasterketa, asko baitira urtea korrika eginez amaitzea gustuko dutenak. Aurten, 25. aldia beteko du proba horrek, eta, beraz, aurtengoa berezia izango da. Izen ematea ostegunean irekiko dute, urriaren 1ean, 18:00etan, eta kirolprobak.com atarian eman beharko da izena.
Aipatzekoa da iaz dortsal guztiak agortu zirela, eta azken urteetako hazkundeari erantzuteko eta proban jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan, 2025ean baino ehun dortsal gehiago jarri dituzte eskuragarri. Hiru kilometroko lasterketa motzean, 200 dortsal izango dira, eta sei kilometroko lasterketa nagusian, 1.400 dortsal.
Iazko ibilbideei eutsiko diete 2026an ere; hau da, Azpeitiko Alde Zaharrean barrena igaroko dira korrikalariak. Inklusioak ere bere lekua izango du 25. San Silbestrean, lasterketa inklusiboaren 11. edizioa egingo baitute. Iaz diseinatutako ibilbideari jarraipena emango diote, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte Atzegiko eta Txolarteko kideei eskua ematera eta haiekin batera parte hartzera. Elkartasun keinua ere egingo dute aurtengo proban; iaz bezala, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari laguntzeko aukera izango da izena ematerakoan, borondatezko ekarpena eginez. "Guztion ekarpenekin, urte amaierako festa elkartasunez beteko dugu!", adierazi dute antolatzaileek.
Aurten, izen emate kuotek euro bateko igoera izango dute. Izena ematerakoan, kamiseta nahi den ala ez aukeratu ahal izango dute parte hartzaileek: kamisetarik gabe, 9 euro ordaindu beharko da, eta kamisetarekin, 16 euro. Aurtengo kamiseta 42K etxekoa izango da, eta 25. edizioari keinu berezia egingo dio.
Antolakuntzan laguntzeko deia
San Silbestre lasterketa posible izan dadin, jende askoren laguntza ezinbestekoa izaten da, eta horren harira, proposamen bat egin dute antolatzaileek. Iaz bezala, 25 izen emate doan eskainiko dizkiete lasterketa amaitu ondoren jasotze lanetan laguntzeko prest dauden kideei. 13:30etik 14:00etara, 30 minutuz laguntzearen truke, dortsala doan eta antolakuntzako sudadera jasoko dituzte. "Zuen laguntza ezinbestekoa da festa hau aurrera ateratzeko!", adierazi dute.
Aurtengo proban animaziorik ez dela faltako jakinarazi dute antolatzaileek, eta urteurrena ospatzeko ekintza berezi bat prestatzen ere hasiak direla. Laster emango dute horren berri.
Aurtengo lasterketarako egin duten kamisetaren diseinua.