Emanaldi zoragarriarekin eta belaunaldi desberdinak elkartuta, Azpeitiko plaza bete du Sahatsak

Maialen Etxaniz

Sahatsa 50 emanaldia eskaini dute gaur arratsaldean Azpeitiko plazan, eta ikusmin handia piztu du ikuskizunak. Azkoiti-Azpeitiko dantza elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta urtemugaren harira ekitaldi bereziak egin dituzte azken hilabeteotan. Gaurkoa horietako bat izan da, eta txalo zaparradaz erantzun dute plazan elkartutako herritarrek. Amaitzean, argazki jendetsua atera dute Sahatsako gaur egungo kideek eta kide ohiek. 

Joan zen astean Azkoitian estreinatu ostean, Azpeitian plazaratu dute gaur Sahatsako kideek Sahatsa 50 emanaldi berezia. Azkoiti-Azpeitiko dantza taldeak 50. urteurrena du aurtengoa, eta urtemugaren bueltan, askotariko ekintzak egin dituzte urtean zehar, tartean gaur eskainitako emanaldi berezia. 

Egungo taldekideez zein lehen ibilitakoez osatutako 70 laguneko dantzari eta musikari taldeak hartu du Azpeitiko plaza. Basazabal jauregitik atera dira dantzariak, musikariek lagunduta, eta 18:30ak pasatxo iritsi dira plazara. Han jendetza zuten zain, haien ikuskizunaz gozatzeko prest. Behin emanaldia hasitakoan, txaloek ez dute etenik izan. Sahatsakoek Gipuzkoako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantzak nahiz kaxarranka, fandangoa, arin-arina, zirtzina eta beste hainbat dantza eskaini dituzte ordu eta laurden inguru iraun duen ikuskizunean, eta gogotik gozatu dute plazan elkartutakoek. 

Emanaldia amaitzean, argazki jendetsua atera dute Sahatsako gaur egungo kideek eta kide ohiek. Era berean, gogoratu dute bihar arte ikusgai dagoela Ezpata dantzariak argazki erakusketa Betharram aretoan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide