Argia aldizkariak antolatuta, bertso bazkaria egiten ari dira gaur, larunbata, Azpeitiko Azoka Plazan. Komunikabide horren Ilargia eta landareak izeneko hamargarren agenda aurkezteko antolatu dute bertso bazkaria. Hain justu, 2027 urteari dagokion agenda erakutsi dute gaur jendaurrean, fruitu arbolak oinarrian dituena.
Aurkezpena baino, jaia izaten ari da gaurko hitzordua, ilargiaren, baratzearen eta orokorrean landareen zale direnak giro ederrean ari baitira gozatzen bazkariaz. Elikaguneak prestatutako bazkaria eskaini dute, eta bazkalostean bertsotan aritu dira Maddalen Arzallus eta Unai Agirre bertsolariak. Bi lagunak landareak gaitzat hartuta aritu dira bertsotan; jarritako bertso zaharrak nahiz boteprontoan osatutakoak abestu dituzte.
Nolanahi ere, beste bi protagonista ere elkartu dira gaurko bertso bazkarian, Argia aldizkariak aurkeztu duen agenda horren protagonista nagusiak, hain zuzen. Batetik, Jakoba Errekondok fruitu arbolei buruzko azalpenak emango ditu, baita bertaratutakoen galderak erantzun ere. Eta bestetik, Antton Olariagak agendarako propio egindako ilustrazioak erakutsi, umorea baliatuta.
