'Sahatsa 50' jaialdia plazaratuko dute larunbatean Azpeitian

Nerea Uranga

Sahatsa 50 jaialdiko partaideak joan den larunbatean Azkoitiko plazan. (Ane Olaizola)

Sahatsa dantza taldeko gaur egungo eta lehen ibilitako 70 dantzarik eta musikarik parte hartuko dute taldearen mende laurdeneko ospakizunen barruan antolatutako jaialdian. 18:30ean hasita, herriko plazan Euskal Herriko hainbat dantza eskainiko dituzte.

Mende erdiko urteurrenaren ospakizunekin jarraitzen dute Sahatsa dantza taldekoek, eta urtemugaren barruko beste jarduera bat plazaratuko dute larunbatean, hilaren 26an, 18:30ean, Azpeitiko plazan. Sahatsa 50 jaialdia egingo dute 70 dantzari eta musikarik, egungo taldekideak nahiz lehen ibilitakoak. 

Basazabal jauregitik kalejiran abiatuko dira Sahatsako dantzariak eta musikariak, Nafarrioa Behereko dantzak eginez herriko plazaraino joango dira. Segidan, plazan ordu eta hamar minutu inguruko jaialdia eskainiko dute, Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Gipuzkoako dantzak nahiz kaxarranka, fandangoa, arin-arina, zirtzina eta beste hainbat dantza dantzatuta. Aurreko asteburuan, hilaren 19an, Azkoitian eskaini zuten Sahatsa 50 jaialdia, eta ikusmin handia sortu zuen, baita txalo zaparradak jaso ere.

Horrez gain, joan zen ostiraletik Ezpata dantzariak argazki erakusketa dago irekita Azpeitiko Betharram aretoan. Erakusketa hori igandera arte, irailaren 27a, egongo da ikusteko moduan. Ordutegia honakoa du: astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide