Sein industria hornidura enpresak Irungo Gefepro erosi du

Nerea Uranga

Sein enpresaren Azpeitiko egoitza. (Sein)

Industri horniduran hazteko helburuarekin erosi du Seinek Gefepro, Irunen kokatutako eta laneko jantzietan eta babes ekipamenduetan espezializatutako enpresa. Erosi berri duten enpresak 35 uretik gorako esperientzai du sektorean.

Azpeitian eta Arrasaten egoitzak dituen industria hornidurako Sein enpresak Gefepro erosi du. Enpresa hori ere Gipuzkoan kokatuta dago, Irunen, industria horniduran 35 urtetik gorako esperientzia du eta laneko jantzietan nahiz babes ekipamenduetan espezializatuta dago. Erosketa Seinen hazkunde estrategiaren barruan kokatu du enpresak: "Estrategia horren helburua ezagutza espezializatua gehitzea, gaitasun berriak garatzea eta industriari eskaintzen dizkiogun produktuak, zerbitzuak eta irtenbideak zabaltzea da". Gefepro erosita, Seinek "bereziki" indartuko ditu laneko jantzien, norbera babesteko ekipamenduen (NBE) eta segurtasuneko oinetakoen arloak.

Erosketa eginda Seinek Gipuzkoan duen zerbitzu gaitasuna indartuko duela esan du enpresak, Gefeproko "esperientzia zabaleko lantaldea" batuta. 35 urteko jarduera duen enpresa izanda, Irunen hainbat sektoretako enpresekin lanean aritutakoa dela azpimarratu du Seinek: "Gefeprok lanean jardundako urte guztietan, laneko jantzien eta babes-ekipamenduen inguruko ezagutza espezializatua garatu du, bezero bakoitzaren beharretara egokitutako aholkularitza eskainiz. Esperientzia hori, espezializazioa eta bezeroekin eraikitako gertuko harremana dira operazioak Seinera ekarriko dituen balio nagusietako batzuk". Gefeproko lantaldea 2027ko urtarrilaren 1ean Seinen egituran integratzea aurreikusita dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide