Batzuk Izarraitzen, besteak Beasain eta Elosua artean

Ihintza Elustondo

Irailaren 12an Izarraitzera txangoa egin zuten herriko hainbat familiak, eta Xoxoteko aterpean igaro zuten gaua. Era berean, astebete geroago, irailaren 19an, helduei zuzendutako irteera egin zuten, Ehunmilak Bira egitasmoaren azkenaurreko etapa; Beasain eta Elosua artekoa. 

Lagun Onak mendi bazkunak indartsu ekin dio ikasturte berriari, eta azken egunotan hainbat irteera egin dituzte. Irailaren 12an, esaterako, Izarraitzera txangoa egin zuten herriko hainbat familiak, eta hango aterpean igaro zuten gaua. Aurreikusitakoa baino jende gehiagok eman zuen izena, eta giro ederra sortu zen taldean. Lagun Onak mendi bazkunak eskerrak eman dizkio Xoxoteko aterpetxeari, "emandako goxotasunagatik eta bazkaritarako piknik ederra prestatzeagatik". 

Era berean, astebete geroago, irailaren 19an, helduei zuzendutako irteera egin zuten, Ehunmilak Bira egitasmoaren azkenaurreko etapa. Beasainetik (Gipuzkoa) abiatu, eta Elosuara (Gipuzkoa) joan ziren, 30 kilometroko distantzia eta 2.000 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatuz. Tartean, besteak bese, Izazpi eta Irimo mendien gailurretatik igaro ziren.

Ibilbidea osatzeko, azken etapa baino ez zaie falta mendizaleei. Hain zuzen ere, urriaren 24an egingo dute Ehunmilak Biraren azken etapa. Elosua eta Azpeitia lotuko dituzte, 25 kilometroko ibilbidea osatuz, eta Irukurutzeta eta Xoxote gailurrak zeharkatuko dituzte.

Lagun Onak mendi bazkunaren Flickr kontuan ikus daitezke argazki gehiago. 

(Argazkiak: Lagun Onak mendi bazkuna)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide