Berriro martxan hastear dira ludotekak eta Gaztelekua

Nerea Uranga

Txiki Txoko ludoteka. (Azpeitiko Udala)

Udako oporraldiaren ondoren, hilaren 28an eta 29an zabalduko ditu udaleko Gazteria sailak haur eta gazteentzako aisialdirako zerbitzuak. Iturritxiki eta Txiki Txoko ludoteketan nahiz Gaztelekuan aste honetan izango dira izen emateak.

Azpeitiko Udaleko Gazteria saileko haur eta gazteei bideratutako aisialdiko zerbitzuek ikasturte berria hasiko dute datozen egunetan. Gazteria sailaren oinarria "heziketa" dela nabarmendu dute. Era berean, herriko haur, nerabe eta gazteen beharrei, nahiei, arazoei, kezkei eta abarrei erantzuteko sortutako saila dela gogorarazi dute. Haurren, nerabeen eta gazteen heziketan bidelagun izateko aisialdian adituak diren hezitzaileez osatutako lantaldea dutela ere gaineratu dute.

Hala, ikasturtean zehar zerbitzu hauek eskaintzen ditu Gazteria sailak: Iturritxiki eta Txiki Txoko ludoteketan HH 5 eta LH 6 bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua ematen dute, eta Gaztelekuan DBH 1etik Batxilergoko 2. mailara arteko nerabe eta gazteei bideratutakoa. Ludotekak irailaren 28an irekiko dituzte, eta Gaztelekua, berriz, hilaren 29an.

Izen ematea bihartik

Bihartik ostiralera bitartean eman beharko da izena bi ludoteketan nahiz Gaztelekuan. Txiki Txoko ludotekan izena emateko egunak eta ordutegiak honakoak izango dira: bihar, asteazkena, 10:00etatik 12:00etara eta 15:30etik 19:00etara, eta ostegunean eta ostiralean, 15:30etik 19:00etara. Iturritxiki ludotekan izena emateko, berriz, honakoak dira egunak eta ordutegiak: ostegunean, hilaren 24an, 10:00etatik 12:00etara eta 15:30etik 19:00etara, eta bihar –asteazkena– eta ostiralean arratsaldez, 15:30etik 19:00etara. Ludoteketako urteko kuota 25 eurokoa izango da. Gainerako informazioa eta zalantzak izena ematerakoan argituko dituzte hezitzaileek.

Gaztelekuaren kasuan, bihartik ostiralera bitartean egongo da irekita erabiltzaileek izena emateko epea. Goizez zein arratsaldez eman ahalko dute izena: asteazkenean eta ostiralean, 15.30etik 19:00etara, eta ostegunean, 09:30etik 13:30era nahiz 15:30etik 19:00etara. Gaztelekuko erabiltzaileek ez dute kuotarik ordaindu beharko, baina bertako erabiltzaile izan nahi duten nerabeen edota gazteen guraso zein tutoreek ezinbestean bertaratu beharko dute izena ematera.

Gazteria saileko ludoteketako eta Gaztelekuko informazioa nahi dutenek honako telefono zenbaki hauetara deitu dezakete: Gazteria zerbitzuko telefonoa 943-15 71 61 da, eta Gazte Informazio Bulegokoa (GIB) 943-15 71 60.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide