Hastear da 2026-2027 ikasturteko Eskola Kirola. Hain zuzen, irailaren 28an, astelehenez, hasiko da programa, herriko kirol taldeek, ikastetxeek eta Azpeitiko Udalak sustatuta. Izan ere, haurrei "kirol hastapen egokia" eskaintzeko elkarlanean dabiltza aipatutako eragile horiek, eta ikasturte berriarekin batera Eskola Kirola programaren nahiz multikirol ereduaren aldeko herri itun bat adosteko prozesua jarri dute martxan.
Aurten, 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoek izango dute Eskola Kirola programan parte hartzeko aukera, eta horiek askotariko kirolak ezagutzeko parada izango dute ikasturtean zehar, Azpeitiko kirol taldeetako kideen laguntzarekin. Iaz bezala, Multikirol eta JolasHezi programak eskainiko dituzte Eskola Kirolaren barruan, eta herriko ikasleak horietan izena ematera bultzatzeko eta multikirol ereduaren alde daudela berresteko, agerraldia egin dute Azpeskirola Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkarteko kideek. Kirol klubetako ordezkariek, Ikasberriko, Izarraizpeko eta Iraurgiko ordezkariek, hezitzaileek eta udaleko ordezkariek osatzen dute Azpeskirola elkartea.
Azpeitiko kirol eta hezkuntza komunitateko eragileak eskola kirolaren alde lerrokatuta daude, sinetsita baitaude multikirolen eredua dela kirol hastapen egokia eskaintzeko bidea, eta hori sustatzeko prestutasuna agertu du azken bi ikasturteetan. Izan ere, eskola kirolaren derrigortasunaren auziak harrabotsa sortu zuen Euskal Herriko hainbat zentrotan, eta aldaketak ere eragin zituen ereduan. Azpeitiko elkarteko kideek nabarmendu dute fokua "herriko gaztetxoen beharrak ondoen asetuko dituen kirol hastapen eskaintzan" jarri behar dela, eta nabarmendu izan dute "frogatuta" degoela kirol desberdinak praktikatzeak onurak dakartzala gaztetxoengan. Bide horretan beste urrats bat egin nahi dute aurten, eta Eskola Kirola programa sendotzeko nahiz egonkortzeko herri ituna lantzen hasi dira.
Multikirol eredua babesteko ituna
Azpeskirola elkarteko ordezkariek aurreratu dutenez, itunaren abiapuntua edo oinarrizko premisa da jarduera fisikoak eta kirolak "hezigarri, osasungarri, berdinzale eta bizi ohitura onen sustatzaile" izan behar dutela. Horretarako, "haurren garapen integrala, ekitatea, aukera berdintasuna eta haurren eskubideen babesa lehenestea" proposatzen du lantzen ari diren dokumentuak. Finean, itunaren xedea da herrian jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan ari diren eragileen jarduna bateratzea eta haurren eta nerabeen kirol hastapenerako oinarrizko irizpide batzuk adostea. Horretarako, hainbat urrats proposatu dituzte.
Proposamen nagusietako bat da 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat multikirol programa izatea kirol hastapenaren oinarria. Era berean, Azpeitiko kirol kluben bitartez eskaintzen diren kirol modalitateak lantzea lehenetsiko litzateke eskola kirolean, "haurrek herrian dituzten kirol aukerak ezagutu ditzaten eta etorkizunean kirol ibilbideari jarraipena emateko aukerak izan ditzaten". Horretarako, herriko kirol elkarteek ordutegi adostu eta koordinatu bat errespetatzeko konpromisoa hartuko lukete, multikirol programari lehentasuna emanda. Era berean, klubek multikirol programaren garapenean parte hartzea proposatzen du itunak, horretarako Azpeskirolarekin elkarlanean jardunda eta taldeen ezagutzak eta baliabideak programari eta ikasleei eskainita. Horrenbestez, itunarekin lortu nahi dutena da jarduera fisikoan eta kirolean aritzen diren eragileen arteko elkarlana eta adostasuna, "Azpeitiko umeen eta nerabeen interesak erdigunean jarrita".
Ikasturtea hasi besterik ez da egin, eta, horrenbestez, oraindik goiz da ituna noiz itxiko duten jakiteko. Beraz, dokumentuaren bueltako lanketan jarraituko dute datozen asteetan.
Aurtengo Eskola Kiroleko ordutegiak, prezioak eta gainerako xehetasun guztiak azpeitikoeskolakirola.eus webgunean kontsulta daitezke.