Andra Mari abesbatzak Mozarten 'Requiem'-a eskainiko du larunbatean Loiolan

Nerea Uranga

Andra Mari abesbatza eta orkestra emanaldi batean. (AMA)

Garai batean Loiolako basilikan egin ohi zuten Nazioarteko Abesbatza Jaialdia gogoan egingo dute larunbateko kontzertu berezia, 19:45ean hasita. Abesbatzaz gainera, Andra Mari orkestrak ere parte hartuko du W.A. Mozarten Requiem ospetsua ardatz izango duen kontzertuan.

Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem kontzertua eskainiko dute Errenteriako (Gipuzkoa) Andra Mari abesbatzak eta orkestrak larunbatean, irailaren 26an, 19:45ean hasita, Loiolako basilikan. Kontzertu berezi hori antolatu dute 1971. eta 1991. urteen artean antolatu izan zen Loiolako Nazioarteko Jaialdia gogoan.

Aitor Garitano (tenorra), Maria Izaga (altoa), Haizea Lorenzo (sopranoa) eta Hodei Iañez (baxua) bakarlariak. (Andre Mari abesbatza)

Larunbateko kontzertuaren egitarauaren "ardatz nagusia" Requiem ospetsua izango dute, eta Andra Mari abesbatzak zein koruuak Andoni Sierraren zuzendaritzapean jardungo dute. Talde koralaz eta orkestraz gainera, bakarlariak ere igoko dira agertokira, honakoak izango dira horiek: Haizea Lorenzo sopranoa, Maria Izaga altoa, Aitor Garitano tenorra eta Hodei Iañez baxua. Emanaldiaren antolatzaileek musikazale denak gonbidatu dituzte larunbatean Loiolako basilikara, "Mozarten maisulana entzuteko aukera ezin hobea" izango delako.

Kontzertuaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Loiolako Nazioarteko Jaialdiak euskal musika koralaren eta kulturaren historian utzitako "aztarna sakona" izan zen: "Gure ondarearen eta errepertorio unibertsalaren arteko elkarrizketa ahaztezina eskaini zuen ingurune ezin hobean".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide