Garmendipeko goiko futbol zelaia, prest

Aitziber Arzallus

Garmendipeko goiko futbol zelaia, gaur eguerdien, belar berria jarrita. (Aitziber Arzallus)

Udalak 250.000 euro (+BEZ) gastatu ditu goiko zelaiko belarra jartzen eta ekipamendu osagarria berritzen. Gaur arratsaldean bertan estreinatuko dute zelaia entrenamendu saioa egitea tokatzen zaien gazteek. 

Prest da Garmendipeko goiko futbol zelaia, belar berria jarrita eta ekipamendu osagarria berrituta. Hain zuzen ere, belarra aldatzeaz gain, ate berriak jarri dituzte eta ureztatze sistema berritu dute. Langileak oraindik azken ukituak ematen ari badira ere, gaur arratsaldean bertan estreinatuko dute zelaia entrenamendu saioa egitea tokatzen zaien gazteek.

Erabilera handia du Garmendipeko goiko futbol zelaiak. Lagun Onakeko eta Ikasberriko hainbat taldek han egiten dituzte entrenamenduak, eta kategoria batzuetako partidak ere han jokatzen dituzte. Horrez gain, aisialdian ere herriko gazte askok erabiltzen dute futbolean aritzeko.

Hilabete eskas egon da goiko zelaia zerbitzutik kanpo, abuztuaren 25etik, zehazki. Udalak finantzatu ditu lanak, eta erakundearen arabera, 250.000 euro (+BEZ) gastatu ditu zelaiaren berritze lanetan. Aurrez, udan, kiroldegiko padel pistetako lurra ere berritu zuen, baita kanpoko igerilekuko berdegunea handitu ere.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide