Europako Mugikortasunaren Astearen barruan, udalak bi jarduera antolatu zituen gaur arratsalderako. Batetik, 6 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako ginkana Bustinzuriko Errebalean; eta bestetik, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika tailerra Olazko Amaren Plazan. 17:30etan hasi eta pare bat orduz gauzatu dituzte bi jarduerak, Arauntza Riders taldeak bideratuta, eta bertaratu diren umeek eta gaztetxoek arratsalde atsegina igaro dute bizikletan aurrera eta atzera.
Mugikortasunaren Astearen barruko ekintza gehiago ere izan dira astean zehar herrian. Besteak beste, joan den asteartean metrominutu panelak aurkeztu zituen udalak, eta ostegunean, berriz, bizikletak doitzeko eta konpontzeko aukera izan zuten herritarrek, aldundiak plazak jarritako postuan.