Zabor edukiontzioek sarbide kontrolarekin funtzionatuko dute asteazkenetik aurrera

Andoni Elduaien

Aurrerantzean, txartel fisikoarekin edota Ireki izeneko mugikorreko aplikazioarekin zabaldu ahal izango dituzte azpeitiarrek hondakin organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Horretarako, udalak txartel berria igorri die herritarrei eskutitz bidez.

Hondakin organikoaren eta errefusaren edukiontziek sarbide kontrolarekin funtzionatuko dute aurrerantzean Azpeitian. Honezkero beren etxeetan jaso dute herritarrek udalak eskutitz bidez edukiontziak irekitzeko igorri duen txartel berria. Erakunde horrek jakinarazi du datorren asteazkenetik aurrera txartel horrekin edota mugikorrerako sortu duten Ireki izeneko aplikazioarekin zabaldu ahal izango dituztela herritarrek organikoaren eta errefusaren edukiontziak. 

Udalak azaldu du herritarrek lehendik zuten txartela ere erabili ahal izango dutela aurrerantzean ere edukiontziak irekitzeko. Dena den, edukiontziak aplikazioarekin zabaldu nahi dituztenek etxean jasotako eskutitzean ageri den QR kodea baliatu beharko dute aplikazioa deskargatzeko. Behin aplikazioa deskargatuta, txartela eta aplikazioa bateratu beharko dituzte erabiltzaileek, eta horretarako, etxean jaso duten txartel berriaren atzealdean dagoen QR kodea erabili beharko dute herritarrek. 

Gainerakoan, udalak nabarmendu du "orain arte bezala" funtzionatuko duela sistemak; alegia, edukiontziak eguneko 24 ordutan egongo dira erabilgarri, eta herritar bakoitzak orain arte erabiltzen zituen edukiontziak erabili beharko ditu, bere kaleari edo auzuneari dagozkionak, hain justu.

Sarbide kontrola ezarrita, azken urteetan "behera" egin duen hondakinen banatze tasari buelta eman nahi dio udalak. "Denon ardura da hondakinen kudeaketa arduratsua eta jasangarria egitea, eta bide horretan laguntza nahiz konpromisoa eskatu dizkiegu herritarrei", esan du erakundeak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide