Gaur hamabost urte bete dira Azpeitiko Emakumeen Txokoak ateak zabaldu zituenetik, eta ordutik egindako lana ospatuko du emakume askoren bilgune den espazioak datozen hilabeteetan. Egindakoa ospatzeko ez ezik, ordea, Emakumeen Txokoaren ibilbidea aitortzeko eta etorkizuneko erronkei "elkarrekin" heltzeko baliatu nahi dute hango kideek urteurrena, eta horretarako, askotariko ekintzez betetako programa antolatu dute datozen hilabeteetarako. Hango asanbladak hala adostu moduan, Borrokatua izan da, baina ez oparitua lelopean gauzatuko dituzte ekintzak, hamabost urteetan urratutako bidearen erakusle.
Gaur aurkeztu dute urteurreneko programa Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak eta Ana Novoa zein Ainhoa Aira Emakume Etxeko teknikariek, hantxe, duela hamabost urte emakume askorentzat mugarria izan den leku berean. Hiru lagunek jakinarazi dute, Ane Iturrizak zein Silvia Izquierdok egindako kartelak eskuetan zituztela, programaren mamia: irailetik maiatzera bitartean ia hilero izango da ekintzaren bat Emakumeen Txokoaren urteurrena ospatzeko, eta datorren astean izango da aurrenekoa; hilaren 28an ate irekien saioa egingo dute han bertan. Urriaren 15ean, berriz, Laura esaten zioten liburuaren irakurketa egingo dute, solasaldi batekin jarraituz. Gainera, liburu horretako protagonista den Miren Odriozolari eskainitako beka ere egun horretan aurkeztuko dute. Azaroaren 18an, bestalde, herriko mugimendu feministaren genealogia aurkeztuko dute.
Urte berriarekin batera ere izango da ekintzarik: urtarrilaren 30ean, inguruko emakumeen etxeetako esperientzien topagunea bihurtuko da Azpeitikoa, eta etorkizunera begira jartzeko lan saioa egingo dute. Martxoaren 5ean, berriz, azoka bat prestatuko dute, baita elkar ezagutzeko ekintzak ere plazan. Bestalde, urteurreneko murala margotuko dute martxoaren 6an, eta egun horretan aurkeztuko dute Martxoaren 8ko egitaraua ere. Azkenik, maiatzean borobilduko dute urtemuga, ospakizun festa batekin. Egun horretan, hainbat ekintza, bazkaria eta kontzertuak izango direla aurreratu dute antolatzaileek, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean.
Beharretara egokitzen
Sarasuak gogora ekarri du, Azpeitiko Mugimendu Feministaren eskaerei erantzunez zabaldu zela Emakumeen Txokoa 2011ko irailaren 17an, eta ordutik, emakume askorentzat "topalekua, babeserako espazioa eta antolatzeko lekua" izan dela azpimarratu du. Era berean, egonkortzen joan den proiektua ere izan dela azaldu du hark, urtez urte erabiltzaile kopuruak gora egin duela esanda, eta beraz, "oso pozik" azaldu da zinegotzia Emakumeen Etxeak izan duen bilakaerarekin.
Erabiltzaile kopurua ez ezik, lan ildoak ere zabaldu egin ditu Emakumeen Etxeak, eta zinegotziaren arabera, azken urteetan LGTBIQ politikak garatzeko eta sustatzeko ere "espazio garrantzitsua" bihurtu da hori. Era berean, guneak "ahalegin berezia" egiten du indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematen, haiek beren beharrei erantzuteko "espazio segurua eta hurbilekoa" izan dezaten.
Elkarlana ere Emakumeen Etxearen beste ezaugarrietako bat dela azpimarratu du Sarasuak: izan ere, batetik, azken urteetan herriko hainbat eragilerekin elkarlanean aritu da, hala nola Baigera jubilatuen elkartearekin, Elkar-ekin taldearekin, Kulturaz kooperatibarekin eta Bertan merkatarien elkartearekin. Eta, bestetik, han antolatzen dira herriko beste zenbait talde ere; Azpeitiko Sare Feminista eta Astindu Armayuek, kasurako.
Ildo horretan, "pozgarria" deritzo urteurrena antolatzeko sortu den "elkarlana" ere: "Emakumeen Txokoko Asanblada sortu da, eta hango kide dira Astindu Armayuek, Sare Feminista, ahalduntze eta alfabetatze taldeetako kideak, Emakumeen Txokoko erabiltzaileak eta zenbait norbanako".
Hori horrela izanda eta azken hamabost urteetako lana bizkarrean, zinegotziaren ustez "zaila" da egun imajinatzea Emakumeen Txokorik gabeko Azpeitia. Ildo horretan eta espazioak izan duen bilakaeran azpimarra eginda hitz egin dute bi teknikariek ere, azpimarratuz Emakumeen Txokoa ez dela 2011tik bere horretan mantentzen den espazio bat. "Urte hauetan herriko emakumeen eta mugimendu feministaren behar eta proposamenekin batera aldatu eta eraiki den espazioa da". Aurrera begira ere, "bide horretan lanean" jarraituko dutela agindu dute.