Azpeitiko entsegu lokaletan lekuren bat aurkitzea zaila izango da aste honetan. Izan ere, herriko hemezortzi musika talde eta DJ ariko dira etzi, larunbata, herrian ospatuko den Kriston Burrundaie musika jaialdian. Egitasmoa herrikoia da, ez du dimentsio handirik hartuko, baina antolatzaileek uste dute horrek egiten duela berezi. Hain zuzen, Azpeitiko musikariek beren ekimenez antolatu eta prestatu dute egitaraua, eta dagoeneko hitzordua iritsi zain daude.
Musikariek antolatu dute jaialdia, baita ikusten ez diren lanak egin ere. Besteak beste, haiek arduratu dira azpiegitura teknikoaz, oholtzak antolatzeaz, egitaraua ixteaz eta sozializazioaz, eta aitortu dute hiru eszenatoki desberdin muntatzea izan dela zailena. Herriko plazan, Perez Arregi plazan eta Plaza Txikian eskainiko dituzte kontzertuak. Hain zuzen, kalejirarekin irekiko dute egitaraua, eta ekitaldi laburra egingo dute gero, musikari lekua eman aurretik Azpeitiko musika taldeen aldarriak plazaratzeko.
Askotariko musika entzuteko aukera izango da: rock, indie, hip-hop, rap, punk, pop, elektronika eta trikitia, besteak beste. Hona hemen etziko jaialdirako prestatu duten egitaraua:
Herriko plaza
- 12:00. Kalejira.
- 12:30. Ekitaldia.
- 12:40. Nora eta Jokine.
- 13:20. Esur Beltxa.
- 18:00. Zazen.
- 18:40. Sekule.
- 23:00. Ele.
- 23:40. Rekiem.
- 00:10. Azax.
Plaza Txikia
- 15:00. MD Moha.
- 15:40. Under CVK.
- 19:30. Chekboyz.
- 20:10. Lurrikara, GZKL eta 3re
Perez Arregi plaza
- 16:30. Jipoituak.
- 17:10. Istilu.
- 21:00. Puntapaxa.
- 21:40. Labankada
- 22:20. Atsekabe
Kontzertuak amaitzean, Liquid T eta Loudah DJak Haginpen, eta Oier, Larre eta Erlo (Kukuerri Records) DJak, Korralen.