Azpeitiko Elmubas Petfood Group enpresak Adegiren Garapen Jasangarria saria jaso du. Gipuzkoako enpresarien elkarteak hainbat sari banatu zituen duela egun batzuk Donostian egindako ekitaldian, eta aitortza horietako bat jaso du Landetako Antzibarrena poligonoan kokatuta dagoen lantegiak. Hain zuzen ere, jarduera gizarte arloari, gobernantza egokiari nahiz ingurumenari lotutako printzipioak kontuan hartuta gauzatzen duelako saritu dute Elmubas. Enpresaren izenean, Leire Alkortak eta Nerea Filgueirak jaso zuten ekitaldian saria.
Txakurrentzako eta katuentzako janari lehorra ekoizten du Elmubasek, eta 200dik gora langile ditu gaur egun. Europan enpresa liderra da bere sektorean; 30 urtetik gora daramatza langintza horretan. Piensos Bastida zena 2019an erosi zuen Portobello Capitalek, 200 milioi euro inguru ordainduta, eta 2020an lantegia handitzeko obrak egin zituzten. Joan zen otsailean, berriz, enpresa salgai jarri zuen Portobello inbertsio funtsak.
Gainera, 2025 urtearen amaieran eta 2026aren hasieran, Elmubaseko langileak gatazkan ibili ziren zuzendaritza batzordearekin, enpresan hauteskunde sindikalak deitzeagatik bost behargin kaleratu zituztelako. Hainbat mobilizazio egin ostean, joan den urtarrilean langileen batzordea izatea lortu zuten.