Euskal Herriko historia nahiz arte eta literaturari buruzko ikastaroetarako izen ematea ireki dute

Nerea Uranga

Basazabal jauregiko sarrera. (Guka)

Euskal Herriko historian sakontzeko lau saioko ikastaroa Urolako Nafar Zuzterrak elkartearen laguntzarekin antolatu du udalak, eta Literatura, Artea eta Historia ikastaroa, berriz, Deusto Unibertsitatearekin lankidetzan. Bi ikastaroak urrian hasiko dira Basazabal jauregian, eta bietarako izena Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zerbitzuan eman behar da.

Euskal Herriko historiari nahiz literaturari eta arteari buruzko bi ikastaro antolatu ditu Azpeitiko Udalak, Urolakoen Nafar Zuzterrak elkartearekin eta Deusto Unibertsitatearekin elkarlanean. Eskaintza horien helburua pertsonen ahalduntzea aktibatzea da, aldez aurreko prestakuntza akademikoa alde batera utziz, baita pertsona helduei prestakuntzarako eta aisialdirako guneak eskaintzea ere.

Antzinarotik gaur egunera arteko Euskal Herriaren historia ezagutu nahi dutenentzat Euskal Herriko Historia izeneko ikastaroa da udalak Urolakoen Nafar Zuzterrak elkartearen laguntzarekin antolatu duena. Bina orduko lau saiok osatuko dute ikastaroa, eta saio bakoitzean Nabarralde fundazioko Beñi Agirre ariko da irakasle lanetan; harekin batera gonbidatu batek parte hartuko du. Urriaren 13an, 20an, 27an eta azaroaren 3an izango dira ikastaroko lau saioak, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara, Basazabal jauregian.

Azpeitian erroldatuta daudenentzako 13,20 euro izango da ikastaroaren prezioa, eta Azpeitian erroldatuta ez daudenentzako, 16,40 euro. Izena emateko honako galdetegia bete eta Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zerbitzuan entregatu behar dute herritarrek, ordainagiriarekin batera, urriaren 1a baino lehen. Bi aukera daude horretarako: posta elektroniko bidez hezkuntza@azpeitia.eus helbidera bidali ordainagiria eta galdetegia beteta edota aurrez aurre udaletxeko bigarren solairuko bulegora eraman.

'Literatura, Artea eta Historia' ikastaroaz

Literatura, Arte eta Historia ikasgaiei buruzko ikastaroak ere eskainiko ditu udalak seigarren urtez, Deusto unibertsitatearekin lankidetzan. Kasu honetan, urriaren 5ean (astelehena) hasiko dute ikasturtea eta ekainera arteko iraupena izango du; astelehenero, 17:00etatik 19:00etara, Basazabal jauregian izango dira saioak. Literatura, Artea eta Historia ikasgaiak emateaz gain, musika eta zinema ere landuko dituzte saioetan, Deusto Unibertsitateko irakasleek gidatuta.

Literatura, Artea eta Historia ikastarorako izena ematea bihartik irailaren 25era egongo da zabalik. Azpeitian erroldatutakoek 40 euro ordaindu beharko dute ikastaro osoa, eta erroldatuta ez daudenek, 50 euro. Izena emateko, herritarrek honako galdetegia bete eta Azpeitiko Udalaren Hezkuntza zerbitzuan (udaletxeko bigarren solairuan) entregatu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide