Luis Loinaz: "Margotzerakoan, prozesuaz gozatzea da niretzat politena"

Ihintza Elustondo

Luis Loinaz, Sanagustinen jarrita dituen koadroen aurrean. (Ihintza Elustondo)

Luis Loinazek erakusketa zabaldu du sorterrian, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Azken bi urteotan egindako hamalau koadro bildu ditu. Margolan errealistak, kolore indartsukoak eta sakontasun handikoak dira. "Ilusio handiz" itzuli da etxera. 

Azpeitian jaioa bada ere, Gasteizen bizi da aspaldidanik Luis Loinaz (Azpeitia, 1959); aitaren ogibidea tarteko, 14-15 urterekin joan zen hara bizitzera. Txikitatik du marrazteko afizioa, eta haurtzaroa igaro zuen lekura itzularazi du zaletasun horrek, Sanagustin kulturgunean erakusketa zabaldu berri baitu. Urriaren 8ra bitartean egongo dira ikusgai haren margolanak gune horretako hormetan. Azken bi urteotan egindako hamalau koadro bildu ditu han. 

Etxera itzuli zara erakusketa jartzera, sortu zinen lekura. Anaiak ere badu margotzeko joera. Etxetik al datorkizue tradizioa?

Bai, baina ez ditugu gurasoak margolariak izan. Lau senide gara, eta bik dugu margotzeko afizioa. Egia esan, kuriosoa da. 

Txikitatik duzu marrazteko ohitura. Noiz hasi zinen zeregin horretan?

Bai, beti izan dut marrazteko joera. Margotzea ez hainbeste, baina marraztea beti gustatu izan zait. Arkatzarekin, lumarekin... marrazten nuen, baina 50 urte nituela, duela hamazazpi urte, nire marrazkiei kolorea sartzen hasi nintzen. Aurretik ere marrazten nuen neure erara, baina gero hasi nintzen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasten. Ordutik, olio pintura lantzen dut batez ere; materialen artean, olio pintura gustatzen zait gehien, indarra eta gorputza dituelako. Jubilatu aurretik, altzari denda batean lan egiten nuen, eta dendatik ateratzean, 20:00etatik 22:00etara joaten nintzen pintura klaseak jasotzera, astean hiru aldiz. 

Eta afaldu?

22:30ean [barreak]. Asko gustatzen zait margotzea. 

Nabari da teknika baduzula. 

Asko barruan neukan. Izan ere, marrazten hasi nintzenean, dezente ondo ateratzen zitzaizkidan irudiak, teknika askorik jakin gabe. Gero, Gasteizko eskola horretan ikasi dut, eta landutakoaren eta barruan neukanaren emaitza da orain egiten dudana. Zerbait naturala neukan barruan, eta, gero, ikasita hobetu egin dut teknika. Gainera, ikasketaz delineantea naiz. Ez naiz horretan aritu lanean, altzari denda batean lan egin izan dut, baina marraztea egokitzen zitzaidan, planoak egitea... Marrazketa gertu izan dut beti, baina pausoa geroago eman nuen. 

Delineante ikasi izanak ere lagunduko zizun zeure margolanak sortzerakoan...

Delineante izatea eta marraztea bi gauza ezberdin dira, baina ikasketa horiek ondo etorri zaizkit irudiei gorputza emateko. Hiru dimentsiotako efektua ematen saiatzen naiz koadroei, sakontasuna ematen. Hori bilatzen dut.

Gauza ezberdinak margotzen dituzu: bodegoiak, paisaiak, animaliak...

Batez ere, kolorea dute nire margolanek. Kolore indartsuak baliatzea gustatzen zait. 

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Margolan errealistak egiten ditut, kolore indartsuekin eta sakontasunarekin. Hori izango litzateke laburpena. 

Nola aukeratzen dituzu margotuko dituzun irudiak?

Argazkiak hartzen ditut oinarritzat. Denbora asko eskaintzen diot margotuko dudan argazkia ondo aukeratzeari: kolorea, gorputza, argia, itzala, bolumena... izan behar ditu. Liburuetan eta plataforma digitaletan bilatzen ditut irudiak.  

Xehetasun handiz egiten dituzu lanak.

Bai, nik ez dut pintzela inpresionistek bezain solte erabiltzen. Ahal dela saiatzen naiz freskura ukitua ematen pintzelkadei, baina ez da hori erosoen moldatzen naizen eremua. 

Oso perfekzionista izango zara, ezta?

Margotzerakoan, bai; bizitzan, ez dakit... [barreak].

Lehen, lanetik ateratakoan joaten zinen margotzera, baina orain, jubilatuta zaude, eta denbora gehiago eskain diezaiokezu afizioari. Egunean zenbat ordu ematen dituzu margotzen?

Lau ordu inguru. Egun denak ez dira berdinak izaten, baina gutxi gorabehera.

Zer ematen dizu margotzeak? Zergatik ematen duzu hainbeste denbora margotzen?

Margotzerakoan, prozesuaz gozatzea da niretzat politena; amaitutako lan bat paretan jartzean, horren atzean dagoen lana ikustea. Argazki mordoa ateratzen dizkiot margolan bakoitzari egiten ari naizen heinean, prozesua nolakoa izan den jasota gelditzeko. Hori da politena. Gustura egoten naiz pintatzen ari naizen bitartean.

Ilusioa egin al dizu erakusketa Azpeitian jartzeak?

Bai, sekulakoa, Azpeitia nire jaioterria da eta. Lagun batek esan zidan Sanagustinen erakusketak jartzen dituztela, eta haren bidez lortu dut bertara iristea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide