Udaltzaingoaren egoitza berria urte bukaerarako prest izatea aurreikusten du udalak

Julene Frantzesena

Udaltzaingoaren egoitza berriaren kanpoaldea. (Julene Frantzesena)

Duela hilabete batzuk hasi ziren Olazko Andre Mariaren plazaren albo batean kokatuta dagoen 180 metro koadroko lokala egokitzen. Lokala erosi egin du udalak, eta 400.000 euro bideratu ditu obretara. Egoitza berria herriaren erdigunean egotea lehentsi du udalak, baita Udaltzaingoaren ibilgailuekin sartu-irtenak azkar eta erraz egiteko aukera izatea ere.

Aurrera doaz Udaltzaingoaren egoitza berria osatzeko obrak. Duela hilabete batzuk hasi ziren Olazko Andre Mariaren plazaren albo batean kokatuta dagoen lokala egokitzen, eta urtearen bukaerarako lanak amaituta izatea aurreikusten du udalak. Eraikinak 180 metro koadro izango ditu, eta solairu bakarra. Obrak 400.000 eurotan lizitatu zituen udalak, eta oraintsu egin du lokaleko hornidura aterako du lehiaketara erakundeak.  

Erakundeak plaza horretako zortzigarren etxe atariaren ondoan eta Center Point ingeles akademiaren azpian dagoen lokala erosi zuen Udaltzaingoaren egoitza bilakatzeko. Izan ere, erakundearen arabera, gaur egun erabiltzen duten Plaza Txikiko eraikina "txiki" geratu da eta lekualdaketa egitea beharrezkoa zen Lan Ikuskaritzak jarritako baldintzak bete ahal izateko. Halaber, udalak jakinarazi duenez, gaur egungo egoitzaren kokapenak baditu beste hainbat eragozpen ere: "Ez da leku egokia autoz ateratzeko, herritarrei harrera egiten zaien gunea ez da erosoa...".  

Egoitza berria herriaren erdigunean egotea lehentsi du udalak, baita Udaltzaingoaren ibilgailuekin sartu-irtenak azkar eta erraz egiteko aukera izatea ere. Erakundeak zehaztu duenez, herritarrei ahalik eta arreta onena eskaintzea. Gainera, Udaltzaingoaren egoitza babes zibilekoa denez, kokalekuari nahiz ekipamenduei lotutako hainbat baldintza bete behar dituela ere gogorarazi du.

Udaltzaingoaren gaur egungo egoitza kokatuta dagoen eraikinarekin zer egingo duen ez du jakinarazi momentuz udalak, nahiz eta erakundeak zehaztu duenez, balizko erabilera berriari lotutako ideiak badituzten. Sindikatu Zaharraren azpian dago egoitza, sasoi batean Gazte Informazio Bulegoa egon zen lokalaren ondoan. Udaltzaingoaren bilgunearen lekualdaketarekin, behin-behinean hutsik geratuko da, beraz, Sindikatu Zaharraren azpiko eremua. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide