Ibaiertzetako basoen inguruko erakusketa ikusgai Ekoetxean, urriaren 31ra arte

Andoni Elduaien

Zestoako Agirietako ur jauzira egingo dute irteeretako bat. (Ekoetxea)

Azpeitiko Ekoetxean doan bisitatu daiteke Uraren Euskal Agentziaren erakusketa ibiltaria. Egitasmo horri lotuta, Ekoetxeak urak egiten duen ibilbidea ezagutzeko bi txango antolatu ditu: Aizarnazabalgo Granada errekara joko dute hil honen 26an, eta Zestoako Agirietako ur jauzira, urriaren 3an. Ibilaldian parte hartzeko izena eman behar da aurrez.

Uraren Euskal Agentziaren erakusketa ibiltaria hartuko du Azpeitiko Ekoetxeak, irailean eta urrian. Erriberako basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren babeslekua izena eman dioten erakusketaren bidez ibaien osasunerako funtsezkoak diren ekosistemen balio ekologikoa eta soziala zabaldu nahi dute antolatzaileek. Erakusketa doan bisitatu ahal izango dute herritarrek urriaren 31ra bitartean.

Besteak beste, argazkiak, infografiak eta marrazkiak erakutsiko dituzte Ekoetxean, ibaiertzeko basoek betetzen duten funtzio ekosozialaren aniztasunari balioa emateko. Era berean, basoen egiturari, funtzionamenduari eta horiei lotutako biodibertsitateari buruzko ezagutza hobetzea da erakusketa jarri dutenen nahia, baita halako eremuak babesteko, kontserbatzeko eta berreskuratzeko herritarrek duten erantzukizuna sustatzea ere. "Ekosistema horien kontserbazio egoera ona ezinbestekoa da ibaien osasuna eta gure ingurunearen ingurumen jasangarritasuna bermatzeko", azpimarratu dute. 

Ekoetxeako arduradunek azaldu dutenez, "gizakiaren jarduerak gehien aldatutako eta mehatxatutako habitatetako bat" dira ibaiertzeko basoak, baina, aldi berean, "ezinbestekoak" dira. "Eremu horiek funtsezko zeregina betetzen dute ibai ekosistemen orekan, biodibertsitate babesleku gisa jardunez eta ingurumen nahiz gizarte onura ugari eskainiz. Ibaiertza higaduratik babesten dute, basoek sortzen duten itzalaren bidez uraren tenperatura erregulatu, uraren kalitatea hobetu eta ingurune urtarrari nahiz lurrekoari lotutako hainbat fauna eta flora espezieri habitata eta babesa eskaini", azaldu dute. 

Doako ibilaldiak

Ekoetxeak Uraren Euskal Agentziarekin duen elkarlanaren barruan, urak egiten duen ibilbidea ezagutzeko egitasmo bat jarri dute martxan. Uraren Bidezidorrak izeneko egitasmoari esker, herritarrek urak egiten duen bidea jarraitu ahal izango dute, ura nola garraiatzen den ikusi, eta urak lurraldea nola modelatzen duen. Era berean, gizakiaren jardunak uraren kontserbazio egoeran zer eragin duen ezagutzeko aukera eskainiko dute.

Ekoetxea sareko zentro bakoitzak doako bi ibilaldi gidatu antolatu ditu, tartean baita Azpeitikoak ere. Batetik, irailaren 26an, Aizarnazabalgo Granada erreka ezagutzeko txangoa egingo dute 60 urtetik gorako herritarrei zuzenduta, eta bestetik, urriaren 3an, Zestoako Agirietako ur jauzira joko dute, 8 urtetik gorako pertsonei zuzendutako irteeran. 10:00etatik 13:00etara bitartean egingo dituzte ibilaldiak bi egunetan. Dena den, izena eman beharko da aldez aurretik.

+Egitasmo horri lotuta, gainera, Uraren Euskal Agentziak urari lotutako 59 bidexka jarri ditu ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide