Epaileak behin-behinean espetxeratu du Azpeitiko hilketaren ustezko egilea. Gaur goizean igaro da Azpeitiko instantzia epaitegiko bigarren ataleko epailearen aurretik joan zen zapatuan bere burua Ondarroako (Bizkaia) ertzain etxean entregatu zuen 43 urteko gizona, eta su armaz egindako hilketa delitua egotzi diote. Epaitegiaren atarian nabari zen mugimendua goizeko lehen orduetatik; Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren kotxeak izan dira atarian.
Joan den asteartean, 20:15 aldera, Azpeitiko Artzubia etorbidean gizon batek suzko arma batekin tiro egin zion beste bati, eta hil egin zen 31 urteko herritarra. Ertzaintza egilearen bila hasi zen orduan, eta 23:25 aldera, susmagarriak erabilitako ibilgailua aurkitu zuten Azpeitian bertan. Ordutik hiru egun igarota, larunbateko 05:30 aldera, Ondarroako ertzain etxean entregatu zuen bere burua hilketaren ustezko egileak, eta suzko arma labur bat atzeman zioten aldean. Atxilotu egin zuten, suzko armaz egindako hilketa delitua egotzita, eta asteburuan Ertzaintzaren esku egon ostean, gaur eraman dute gizona epailearen aurrera.
Hilketa argitzeko ikerketa zabalik du oraindik Ertzaintzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, epaileak hilketa delitua egotzi dio ustezko hiltzaileari, nahiz eta oraindik instrukzio fasea eta epaiketa ez dituzten egin.