Gutuna

Alex Aizpuru Arozenaren familiaren eskaera, astearteko gertakizunaren bueltan

Alex Aizpuru Arozenaren familia

Hilketaren harira Azpeitian egindako miaketen irudi bat. (Guka)

Alex Aizpuru Arozenaren familiak astearteko gertakizunaren harira Gukaren erredakziora bidalitako gutuna da honako hau. 

Gutun honen bitartez, Alex Aizpuru Arozenaren familiako kideok, astearteko gertakizunaren ondotik, El Diario Vasco hedabidearekin dugun haserrea eta atsekabea adierazi nahi genituzke.

Lehenik eta behin, esan beharrean gaude, ulertzen dugula hedabideek informazioa eman behar izatea. Dena dela, informazio hori eskaintzeko moduak eragin zuzena du gertukoenengan.

Asteazkeneko egunkariko azala ikusita, gure familiako kideetako bat harremanetan jarri zen aipatutako hedabidearekin, eta handik gutxira jaso zuen bertako zuzendariordeetako baten deia. Elkarrizketa horretan, familiako kide horrek irudi mingarrienak eta esplizituenak kentzeko eskaera egin zuen, zeina ukatu egin zitzaion. Aldi berean, informazioa modu ahalik eta zuhurrenean ematen jarraitzeko erregutu zuen, familiari eta ikerketari ahalik eta gutxien eragiteko.

Gure nahiak errespetatzetik oso urrun, hurrengo egunetako irudiak ere oso mingarriak izan dira gure familiarentzat, baita zenbait datu ere. Adibidez, hilketaren arrazoia "kontu garbitzea" izan dela aditzera ematea ezin da hipotesi moduan argitaratu ikerketak horrelako ezer esan ez badu.

Gauzak horrela, eta jarrera aldaketarik ikusi ez dugunez, gertatutakoa publiko egiteko beharra sentitu du familiak. Aurrerantzean, beste behin zuhurtzia eta ulermena eskatu nahi ditugu, gure mina ez dadin daukaguna baino handiagoa izan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide