Tenis egokituko bi modalitate ezagutzeko aukera izango da irailaren 12an

Iraia Oteiza

Tenis egokituko irudia. (Bepro fundazioa)

Gurpildun aulkiko tenisa eta ikusmen desgaitasuna dutenentzako tenisa bertatik bertara ezagutzeko parada izango dute irailaren 12an herriko plazara hurbiltzen direnek. Haur zein helduei zuzendutako sentsibilizazio ekimena da. 

Tenisa beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango da irailaren 12an, 11:00etatik eta 13:00etara bitartean. Ordu tarte horretan Azpeitiko plazara bertaratzen direnek kirol egokituko bi modalitate probatzeko parada izango dute: gurpildun aulkiko tenisa eta ikusmen desgaitasuna dutenentzako tenisa. 

Haur zein helduei zuzendutako sentsibilizazio jardunaldia da, kirol egokitua herrira hurbiltzea helburu duena. Kirolariei laguntzea xede duen Bepro fundazioak antolatu du ekimena.

Era berean, Zu barne proiektua ezagutzera emango dute, desgaitasunen bat duten pertsonak tenisera erakartzea xede duen sarea, hain zuzen ere. Azpeitiko Oñatz tenis kluba sare horretako kide da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide