Zabalik da Sorginorratzak egitasmoan izena emateko epea

Andoni Elduaien

Arte plastikoari lotutako saioak egin zituzten, esaterako, lehen ikasturtean. (Kulturaz)

Irailaren 20ra bitartean eman ahalko dute izena 8 eta 12 urte bitarteko haurrek Sorginorrotzak proiektuan. Egitasmoaren ordezkariek adierazi dute plazak mugatuak direla. Lehen ikasturtean bezala, bigarrenean ere hitzaren, irudiaren, soinuaren eta gorputzaren eremuetan sakonduko dute haurrek.

Zabalik da Sorginorratzak egitasmoan izena emateko epea. Gaztetxoen kultur sormen laborategiak bigarren urtea beteko du 2026-2027 ikasturtean; izan ere, uztaileko egindako lehen aldiaren ondoren, berriro zabaldu dute izena emateko epea. Antolatzaileek adierazi dutenez, irailaren 20ra arteko epea egongo da egitasmoan izena emateko, eta gogorarazi dute plazak mugatuak direla. 

Azpeitiko hiru ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariek abiatutako eskaintza herrikoia da Sorginorratzak. Kulturaz kultur kooperatibarekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren babesarekin, herriko kultur dinamika babestu nahi dute proiektuaren bidez. "Kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu ikastetxeetako hezkuntza eskaintza osatzeko eta aberasteko. Sorginorratzak proiektuan, kultur edukiak eta eskualdeko sortzaileak jartzen ditugu herriko gaztetxoekin harremanetan, batera esperientzia aberasgarriak sortzeko", azaldu dute. 2025-2026 ikasturteko emaitza "oso positiboa" izan zela adierazi dute proiektuko kideek, eta hori hala, sormen eskaintzari jarraipena ematea erabaki dute. "Gaztetxoei kultur diziplina desberdinak probatzeko eta horiekin esperimentatzeko aukera eskaini nahi diegu", esan dute.

Hori hala, bi talde osatuko dituzte proiektua latzeko. Aurreratu dute, gainera, saioak asteazkenetan egingo dituztela: LH 3 eta LH 4 mailetakoena (8-10 urte), 17:15etik 18:15era bitartean egingo dute, eta LH 5 eta LH 6 mailetakoena (10-12 urte), 18:30etik 19:30era. Aurreko ikasturteko dinamika bera jarraituko dute aurten ere, eta horrenbestez, diziplina desberdineko zortzi tailer landuko dituzte, eta bakoitzari lau saio eskaini. Besteak beste, hitzaren, irudiaren, soinuaren eta gorputzaren eremuetan sortzeko, ikasteko eta jolasteko aukera izango dute izena emandako haurrek.

Honako lotura honetan ezagutu daiteke sakonago Sorginorratzak proiektua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide