Kulturaz kooperatibak zabaldu du ikasturte berrian Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan eskainiko dituen ikastaroetan izena emateko epea. Bi ikastaro eskainiko dituzte: helduen antzerki eskola eta dantza garaikideko hastapenak.
Helduen antzerki eskolak Xanti Agirrezabalak gidatuko ditu, eta urriaren 7tik ekainaren 15era egingo dituzte saioak, asteazkenetan, 19:30etik 21:00etara bitartean. Matrikularen prezioa 270 eurokoa da –hilean 30 euro–, baina Kultur Bonoa duten herritarrek, jubilatuek nahiz ikasleek 180 euro ordaindu beharko dute. Ikastaro horren gaineko informazio guztia honako lotura honetan eskura daiteke. Urriaren 4an bukatuko da tailerrean izena emateko epea; honako formulario hau bete behar da horretarako.
Dantza garaikideko hastapen ikastaroa Aiala Etxegaraik zuzenduko du, eta saioak urriaren 6tik ekainaren 15era egingo dituzte, astearteetan, 18:30etik 20:00etara. Ikastaroa 270 euro ordaindu beharko da –hilean 30 euro–, baina Kultur Bonoa dutenek, jubilatuek nahiz ikasleek 180 euro. Urriaren 4a izango da izena emateko azken eguna, eta honako lotura honetan dago informazio guztia. Izena emateko, honako formularioa bete behar da.
Froga saioak
Helduen antzerki eskola eta dantza garaikideko hastapen ikastaroa zer-nolakoak izango diren jakin nahi duten herritarrek froga saioak egiteko aukera izango dute. Dantzako saio irekia irailaren 29an, asteartez, egingo dute Dinamoa sormen gunean, 18:30ean. Antzerkikoa, berriz, hurrengo egunean, irailaren 30ean, asteazkenez, 19:30ean hasita, Dinamoan bertan. Saio horietarako ez da aurrez izena eman beharko.