Ertzaintzak miaketak egin ditu herriko hainbat puntutan, ustezko hiltzailearen bila

Erredakzioa 2026ko irailaren 2a

Ertzaintza, arratsaldean, Paulo VI.a auzunean. (Utzitakoa)

Landeta auzoko etxebizitza batean igaro du Ertzaintzak goiza, gero Paulo VI.a auzunean aritu da miaketak egiten, eta handik Azkoitiko Estrada kalera joan da. Ustezko hiltzailearen autoa Garate Anaien auzunean aurkitu du poliziak. 

Atzo Azpeitian gizon bat hil zuen susmagarriaren bila jarraitzen du Ertzaintzak. Poliziak ikerketa abian du Azpeitiko Udaltzaingoarekin batera, eta atzodanik operazio handia du indarrean. Gaur, asteazkena, hilketa gauzatu zuen pertsona atzemateko miaketak egiten ari da herriko hainbat puntutan. Ertzaintzak Gukari ezer baieztatu ez badio ere, zenbait hedabidek adierazi dute Ertzaintzak identifikatuta duela hiltzailea. 

Horren harira, goizean, Landeta auzoko etxebizitza batean izan da Ertzaintzaren unitate berezia, ustezko hiltzailearenean, baina han ez dute inor aurkitu. Arratsaldeko lehen orduetan, berriz, Paulo VI.a auzunearen parte bat eta Ildefonso Gurrutxaga kalea itxita izan dituzte poliziek eta udaltzainek, unitate bereziko kideak hango etxebizitza eta lokal bana arakatzera sartu baitira. Ordubete inguru egin dute, baina han ere ez dute ustezko hiltzailea topatu, eta Azkoitira joan dira gero, Estrada kaleko etxebizitza batera. Unitate bereziak Azpeititik alde egin orduko zabaldu dute Ildefonso Gurrutxaga kalea, eta geroxeago baita Pablo VI.a auzunean itxita zuten zatia ere.    

Ertzaintzaren zenbait furgoneta, gaur arratsaldean, Paulo VI.a auzunean. (Guka)

Autoa aurkitu dute

Gukak jakin ahal izan duenez, susmagarriaren autoa atzo, asteartea, aurkitu zuen Ertzaintzak Azpeitian.

Ustezko hiltzaileak ihes egin zuen hildakoari tiro egin ondoren, eta ordu batzuetara, Garate Anaia auzuneko aparkaleku batean aurkitu zuten bila zebiltzan ibilgailua, aparkatuta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide