Azpeitian filmatutako Superra telesailarekin, bueltan da euskarazko umorezko fikzioa ETB1en. Jon Garate oriotarrak eta Anjel Alkainek zuzenduta, eta horiek Iker Galartzarekin eta Aitziber Garmendiarekin idatzitako gidoia oinarri hartuta sortu dute udazkenean estreinatuko duten telesaila. Proiektuak Wazemank-eko aktore eta aurpegi ezagunak elkartu ditu: Alkain, Garmendia, Galartza, Iñake Irastorza eta Ainere Tolosa. Zuhaitz Gurrutxaga, Sara Cozar eta Onintza Enbeita ere zerrendan daude, eta Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996) ere bai.
Superra telesaileko aktoreen zerrenda ez da edonolakoa. Nola sentitu zinen lanerako gonbidapena jaso zenuenean?
Pozik; oso pozik. Dagoeneko hamabi urte igaroko ziren Iker Galartza ezagutu nuenetik, eta momentu asko igaro ditut harekin. Ondo ezagutzen nau eta badaki nolakoa naizen, nola egiten dudan lan. Bazegoen pertsonaia bat aktorerik gabe edo, eta nirekin gogoratu zen. Proposamena egin zidan, eta zer-nolako aktore taldea zen ikusita, munduko ilusio handienarekin hartu nuen gonbidapena. Ume txiki baten pare ibili naiz, gozatzen. Sentitzet dut beste amets bat bete dudala.
Umorea da telesailaren ardatza, baina zer kontatzen du?
Super Manterola saltokiaren bueltan gertatzen diren eguneroko kontuak daude oinarrian. Karmelo eta Luixito anaiak eta Bakartxo iloba dira dendaren arduradunak, manterolatarrak, eta horien gorabeherak nahiz errutina kontatzen ditu telesailak, umoretik. Guztiok daukagu gure egunerokoan berezia den denda, taberna edo kafetegi bat, han gertatzen diren istorioek berezi egiten dutena. Horiek guztiek dauzkate ohiko bezeroak, banatzaileak edo hornitzaileak. Haien bizimodua eta elkarren arteko harremanak islatzen ditu telesailak, umore zirikatzailearekin. Badu mezu edo aldarria ere: argi gelditzen da denda txikiek bizirik dirautela...
Zirkuan edo antzerkian ikusi zaitugu nagusiki. Zer moduz kameren aurrean?
Orain arte telebistarako egin ditudan lan guztietatik hau da helduei zuzendutako aurreneko proiektua. Orain arte egindakoetan, gidoiak arinak izan dira, umeentzat egindakoak. Beraz, esperientzia desberdina izan da zentzu horretan. Hala ere, telesailean ez naiz pertsonaia printzipala, nire rola ez da protagonistena bezain mardula. Hiru astez egin genituen grabaketak Azpeitian, eta filmaketak ordu asko eskatzen dituen arren, ondo moldatu naiz, nekeak neke.
Nolakoa da gorpuzten duzun pertsonaia?
Telesailean supermerkatuko bekaduna naiz, baina ez naiz isilik gelditzen den horietakoa. Beti daukat zer esana, baita tokatzen ez zaidanetan ere. Ez naiz txisteak botatzen dituena, baina bai motz samarra.
Barrea eragiteko telesaila da Superra, baina zuek ere barre mordoska egin duzue. Gozatzeko modukoa izan al da lan prozesua?
Bai, oso erraz jarri didate. Pailazokerietarako aukera izan dut, eta zoragarri pasatu dut lanean. Garmendia, Galartza eta Alkain. Hiruko horrekin ezin da gaizki aritu. Alkainek bat-batekorako gaitasun ikaragarria du. Askotan gidoitik atera eta inprobisatzen hasten da, eta horrek batzuetan hankaz gora jartzen ditu grabaketak, baina aldi berean, freskotasun handia ematen dio lanari.
Elizkalekoa zarenez, ezaguna zenuen Irentzailenekoa. Nolako esperientzia izan da urte luzez itxita egon den saltokira itzultzea?
Ilusio handia egin zidan bertan grabatuko zela jakiteak. Umetako oroitzapen asko etorri zitzaizkidan gogora, gure etxepeko saltokia baitzen. Pentsa, ama ez zen bisitara etorri ere egin, nostalgia eragingo ziolakoan. Grabaketa egunetan adineko jende asko hurbildu zen dendara, benetan irekita ote zegoen jakitera. Tira, komertzialen bat ere sartu zen saltzeko asmotan! Telesaila estreinatzen denean, fikzioa fikzio, Irentzailenekoa berriro irekita ikustea polita izango da herritar askorentzat.
Noiz izango da ikusgai?
Oraindik data finkorik ez daukagun arren, udazken aldera estreinatzea aurreikusten du ETB1ek. Orotara, hamabost minutuko zortzi atalek osatzen dute telesaila, eta Primeran plataforman estreinatuko dute. Gero botako dute telebistan. Urteak dira euskarazko umorezko fikzioa egiten ez dela. Uste dut Superra zerbait freskoa dela, ikusteko arina eta barre egiteko primerakoa.
Aktore lanetara itzuliko al zara?
Proposamen berriak iristen bazaizkit, bai, noski. Bitartean, zirkuan ikusiko nauzue.
Iruditegia eta arte zuzendaritza, Iban Izagirreren ezkutuko lana
Azpeitian denda ezaguna izandakoa da Irentzailenekoa, baina urteak daramatza huts-hutsik Erdikaleko lokalak, eta horrelaxe topatu zuen hura Iban Izagirrek (Azpeitia, 1985). Ilustratzailea, tatuatzailea eta diseinatzailea izateaz aparte, arte zuzendaritzan aritutakoa da Azpeitiko Keizpe estudioaren gidaria. Aurten, Go!azen telesailean ez ezik, Superra ikus-entzunezkoan aritu da lanean.
Arte zuzendariak filmaren edo telesailaren giroa, eszenatokiak eta atrezzoa diseinatzen ditu, argazkilaritzako departamentuarekin eta produkzio diseinatzailearekin elkarlanean. Beraz, hutsik zegoen lokala askotariko produktuz, kolorez eta elementuz jantzi du Izagirrek, Super Manterolari gorputza emateraino. "Lokala hutsik zegoen sartu nintzenean. Beraz, denda itxura har zezan, txoko desberdinak diseinatzetik hasi nintzen: harategia, frutategia edota ordaintzeko lekua, esaterako. Ondoren, horiek hornitzeko produktuen iruditegia sortu, produktuak inguratu, dekorazioa ordenatu eta beste hamaika lan egin ditut", kontatu du azpeitiarrak.

"Helburua zen Super Manterolari zaharkituta gelditu den baina modernitaterantz jo nahi duen ultramarinos denda baten kutsua ematea, eta horretan ahalegindu gara", dio. Emaitza oso balekoa izan da, hainbat herritar sartu baitziren dendara saltokia martxan jarri zutela pentsatuta. Atrezzoari eta arte zuzendaritzari dagozkion lanak egiteko aurrekontu zehatza izan du Superra-ren lantaldeak, eta, beraz, irudimena jarri dute dantzan: "Irudimenari eragin diogu, baina herriko saltokiek eta lagunek ikaragarri lagundu dute. Azpeitian aritzea oso erosoa izan da lanerako garaian, jendea ezagutzeak asko erraztu baitu gure jarduna".
