Ceutan gaur egun gertatzen ari dena pairatzen ari garen migrazio-krisiaren ispilu da: heriotzak bizpahiru egunez baino ez dira albiste; egungo migrazio-politikak ez du funtzionatzen eta norabidea galduta dago; buloek, desinformazioak eta diskurtso xenofoboek tentsio soziala elikatzen dute; gizatasun falta nabarmena ageri da.
Askotan, migratzaileaz, arazo bat balitz bezala hitz egiten dugu. Zenbat etorri diren, zenbat laguntza jasotzen duten, non bizi diren edo zer delitu egin duten galdetzen dugu. Baina gutxitan galdetzen dugu zergatik etorri diren, eta, agian, galdera hori da garrantzitsuena. Pertsona batek bere herrialdean etorkizunik ez duenean, gerra batetik ihes egin behar duenean, goseak harrapatzen duenean edo bere seme-alabei bizitza hobea eskaintzeko beste biderik aurkitzen ez duenean, alde egitea ez da beti aukera bat, askotan, azken aukera eta bakarra da.
Gutako bakoitzak ez du munduan non jaio hautatzeko aukerarik izan. Orain, pentsa dezagun jaiotzen garen lekuak gure bizitzako aukerak baldintza ditzakeela, ez baita gauza bera munduko leku batean edo bestean jaiotzea. Leku batean jaiotzeak hezkuntza, osasuna, lana eta segurtasuna ekartzen dizkizu, beste batean jaiotzeak, berriz, gerra, gosea, pobrezia edo aukerarik eza. Bigarren egoeran jaiotzea egokitu balitzaizu, zer egingo zenuke? Etxean geratuko zinateke, edo alde egingo zenuke? Galdera horrek migrazioari buruz dugun begirada aldatu beharko luke.
Lurrez zein itsasoz, migratzaile gehienek sufrimendua dute bidelagun. Beste aldea bizitza berri baterako atea da, baina bidaiako egunak eta gauak goseak, egarriak, hotzak eta nekeak jota igarotzen dituzte, biharamuna ikusiko ote duten ez jakitearen beldur eta ziurgabetasuna tarteko. Horrez gain, bidaian indarkeriari, esplotazioari, lapurretei eta tratu txarrei aurre egin behar izaten diete, bizitza bakoitza zoriaren esku geratzen delarik. Eta, hala eta guztiz ere, itxaropenari eusten diote.
Horregatik, harrigarria da nola bihurtu dugun beste batzuen sufrimendua hain erraz kontsumitzen dugun albiste. Gertuko tragediek hunkitu egiten gaituzte eta urrunekoak, berriz, azkar ahazten ditugu. Baina distantziak ez du sufrimendua txikiago egiten. Urruneko ezbeharrek gure oroimenean egonaldi laburra dute, baina haiek bizi duten sufrimenduak ez du iraupena galtzen. Guk pantaila itzaltzen dugu, haiek, ordea, bizitzen jarraitu behar dute. Gure pribilegioetatik begiratu beharrean, tarteka besteen azalean jartzea ariketa ona litzateke.
Eta iristen direnean, zer aurkitzen dute? Askotan, ez dute espero zuten babesik aurkitzen. “Lanera etor daitezela” esaten dugu, baina paperik gabe ezin dute legez lan egin. Ez dugu nahi “lanik gabeko etorkinik”, baina ez diegu lan duinik eman nahi. Gurera egokitzea eskatzen diegu, baina ez diegu benetako inklusiorako behar duten espaziorik eskaintzen. Ikasi behar dute, baina beren ikasketak homologatzeko oztopo burokratikoak dituzte. Eta, azkenean, bizirauteko lan egin behar dutenez, sistema bera da prekarietatera bultzatzen dituena. Hor dago gure kontraesan handienetako bat.
Horrek dakar migratzaile batzuk laguntza behar izatea, hemen prekarietatera bultzatzen dituzten egoera juridiko eta sozial batean hasten dutelako bizitza. Horregatik, laguntza jasotzea ez da etorkina izatearen ondorio naturala, zaurgarritasun-egoera baten ondorioa baizik. Baina horrek ez du esan nahi laguntza publikoa hauen helmuga izan behar duenik. Dauden zuloaren eta irteeraren arteko zubia izan behar du. Pertsona batek lana aurkitzen duenean eta bere diru-sarrerak handitzen dituenean, laguntza hori uzteko bidean aurkitzen baita. Eta hori da sistema publiko baten helburua: inor ez abandonatzea erortzen denean, baina, aldi berean, pertsona horri bere kabuz aurrera egiteko aukerak eskaintzea.
Bai, badira laguntzak jasotzen dituzten pertsona migratzaileak. Bai, badaude migrazioarekin lotutako kostu publikoak. Baina, zergatik zenbatzen dugu soilik laguntza jasotzen duen migratzailea? Zergatik ez dugu zenbatzen lana egiten duena, kotizatzen duena, zergak ordaintzen dituena, kontsumitzen duena eta, azken finean, gure ekonomiari ekarpena egiten diona? Eta hemen ere datuak oso esanguratsuak dira, esate baterako, 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Segurantzako alta berrien %55 atzerriko jatorriko pertsonei baitzegokien. Hori da egiten duguna: laguntza jasotzen duen pertsona titular bihurtzen dugu eta lan egiten duena, berriz, estatistika bihurtzen dugu.
Baliteke gaur egun “kanpotik etorritakoak” deitzen diegun horietako askok bihar gure gizartearen zati nagusienetariko bat osatzea. Aditu batzuk diotenez, 2050ean, Euskal Autonomia Erkidegoan biziko diren pertsonen %35 edo %40 inguru etorkinak izan litezke. Orduan, bi aukera ditugu, ateak itxi edo errealitateari aurre egin eta gizarte inklusiboago bat eraiki. Lehen aukerak ez du migrazioa desagerraraziko, bigarrenak, ordea, gure etorkizuna hobetu dezake. Eta hor dago erronka, hor dago aukera. Galdera ez da ea migratzaileek zer ekartzen diguten, galdera da, ea gu zer egiteko prest gauden haiekin batera etorkizun bat eraikitzeko. Azken batean, migrazioaren auzia ez da soilik migratzaileen etorkizunari buruzko eztabaida, gure etorkizunari buruzko eztabaida ere bada.
Migrazioa, lan-merkatua sostengatzen dutenen artean gero eta garrantzi handiagoa duen osagaia da. Izan ere, nork egingo du lan Euskal Herrian hemendik 20 edo 30 urtera? Zer gertatuko litzateke migranteak bat-batean desagertuko balira? Eta hor, ezin dugu alde batera utzi gure gizartean dagoen kontraesana: migrazioa behar dugu, baina ez dugu nahi, eta hori da gure jarreraren laburpenik zintzoenetako bat.
Horrek ez du esan nahi migrazioak arazorik sortzen ez duenik. Jakina, sortzen ditu. Baina arazoak egoteak ez du esan nahi pertsonak arazo direnik, eta hori da bereizi behar dena. Pertsona asko batera iristen direnean, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak kudeatzeko erronkak sortzen dira, eta horregatik dira behar-beharrezkoak politika publiko egokiak. Baina migrazio-politikek giza eskubideekin bateragarriak izan behar dute. Etxebizitza, lana, hezkuntza eta osasuna bermatu behar dira, baina legeek bakarrik ez dute gizarte inklusiborik sortuko, gizarteak ere bere begirada aldatu behar du.
Izan ere, sare sozialetan eta beste komunikabide batzuetan gorroto eta beldur mezuek indarra hartzen jarraitzen dute, iritzi publikoan gero eta gehiago eraginez. Horrela, datuen aurretik aurreiritzia jartzen dugu, egiaren aurretik buloa eta pertsona baten aurretik haren nazionalitatea. Errealitatearekin bat ez datozen pertzepzio sozial horiek aurreiritzietan oinarritzen dira eta indar erreakzionarioen tesi arrazistekin bat egiten dute.
Euskal gizarteak, gainera, badaki zer den arrazoi ekonomikoengatik zein politikoengatik migratzea. Guk ere ezagutu dugu etxetik alde egin beharraren atsekabea, sustraiak atzean uztearen mina, beste herri batean arrotz sentitzearena eta bertakoen harrera egokiaren beharra. Horregatik dugu erantzukizun bat, ez bakarrik legeek edo erakundeek ezartzen diguten erantzukizuna, baizik eta, gizatasunak berak eskatzen digun erantzukizuna. Gaur gure herrietara heltzen diren horiek ez dira zenbakiak, ez dira estatistikak, ez dira “besteak”. Pertsonak dira, beldurra eta zauriak izateaz gain ametsak dituzten pertsonak. Orain guri dagokigu ateak zabaltzea, eskua luzatzea eta hemen bizitza duin bat eraikitzeko aukera eskaintzea.